img_divider

Aitz-Zorrotz gaur egun Beasainen elkarte gastronomiko baten moduan integratuta badago ere, sortu zenean kirol elkarte baten moduan sortu zela nabarmendu behar da. Izan ere, urte guzti hauetan ez dio sekula utzi ehiza eta arrantza kudeatu, sustatu eta babesteari. Plater tiratzeak, irteerak eta lehiaketak izan dira sortu zenetik bere izatearen ardatza, postu zozketen eta lizentzi eta paseen tramitazioaz gain

Aitz-Zorrotzen aitzindaria ‘Cazadores de Beasain’ elkartea izan bazen ere, 1935eko El Diario Vasco egunkariko kronikak agertzen duen moduan, urte gutxi pasa ziren Aitz-Zorrotzek lekukoa hartu eta ehizaz gain, arrantza ere bere gain hartu zuenera arte. “Ehiza eta Arrantza Elkartea”, izenburuarekin hasi zuen kazetariak bere kronika. Elkartearen agiriek frogatzen dutenez, sortu eta berehala hasi zen Aitz-Zorrotz kirol ekintzak antolatzen, eta modu oso aktiboan gainera; 1935eko maiatzean 8,30 pezeta bideratu zituen plater tiratzeak antolatzeko. Urte horretan bertan, orduko kontu-liburuko 90. orrialdean jaso zenaren arabera, plateren atalean, elkarteak bi plater tiratze antolatu zituen, guztira 137,20 pezetako gastua izan zutenak.

Baina Aitz-Zorrotzen benetako alderdi soziala, plater tiratzeez gain, ondoren osatu zen. Herriko festetan danborrada egiten denetik da Aitz-Zorrotz parte-hartzaileetako bat, eta gainontzeko elkarteak bezala hainbat urtean behin karroza egiten du. Elkarteko ehiztari eta arrantzaleek lehen alkandora koadroduna, mendiko botak, eta kamuflatzeko prakak eta txalekoa janzten zituzten danborradan ateratzeko, parte-hartzaile bakoitzak etxetik eramaten zuen jantzia. Orain dela urte batzuk, ordea, jantzi guztiak bategiteko uniformeak erosi ziren. Aipatu behar da, gainera, Aitz-Zorrotz dela danborradan animaliek parte hartu duten elkarte bakarra, 1980ko hamarkadan hiru bazkidek euren txakurrekin desfilatzen baitzuten konpainiaren aurrean

Mozorroen desfilean ere parte hartu izan du Aitz-Zorrotzek. Gaur egun ez da jada egiten mozorroen eguneko protagonismoa koadrilei uzteko, baina lehen jaietako bigarren larunbatean elkarte bakoitza gai baten inguruan mozorrotu eta guztiek elkarrekin desfilatzen zuten ondoren, bakoitza bere karrozarekin, inauterietan egin ohi den moduan. Egun horretan bertan ospatzen den beste ekitaldi batean ere urtero aritzen da Aitz-Zorrotz, gastronomia txapelketan. Hainbat urtetan irabazi du elkarteak lehen saria, tartean, su artean Lucio Ruiz, Lorenzo Irazustabarrena, Pedro Hierro, Juanisio, Mikel Aierbe, Jose Luis Diez eta urtean urteko zuzendaritzako kideak egon direlarik.

img_divider