img_divider

Aitz-Zorrotzen lehen egoitza Aguirre taberna izan zen, Kale Nagusiko 42. zenbakian. Elkarteak bere gisara erabiltzen zuen taberna bilerak egiteko, eta urte guzti horietan eskainitako laguntzagatik Juan Agirre Arregi jabea elkarteko ohorezko bazkide izendatu zuten. 1960. urtera arte kirol elkarte bat soilik izanik, Aguirre tabernan bazkideek elkartu eta ehizaz eta arrantzaz solasean aritzeko lekua zuten. Elkarteak bertan deitzen zituen bazkideak batzarrera, eta zuzendaritzak armairu txiki bat zuen aktak eta kontu-liburuak gordetzeko. Aguirre tabernarekiko kontuak 1963an itxi ziren, gaur egungo egoitzaren eskriturak sinatu ziren urtean, baina egoitza aldaketa berez hiru urte lehenago egin zuten, Aguirre taberna utzi eta Oriamendi kaleko 11. zenbakiaren beheko lokalera leku aldakatuz.

Egoitza berriaren eredu Donostiako elkarte herrikoi eta gastronomikoak izan ziren. Ordurako bazen Beasainen antzeko bat, izan ere Usurbe elkartea 1924. urtean sortua baitzen. Rafael Agirre Franco ikerlariaren ustez, elkarte herrikoiak Gipuzkoan garai horretan, XX. Mende hasieran, izan ziren aldaketa demografikoen ondorioz sortu ziren, lurraldearen industrializazioaren eraginez, eta horrekin batera, ardoaren kontsumo geroz eta handiagoa zela eta, herrien erdiguneetatik sagardotegietatik desagertu izanak ere izan zuen zerikusia. Nekazal gizarte batean existitzen ez ziren lan ordutegiak ekarri zituzten fabrika handiek Gipuzkoara, eta horrek aisialdiko denbora ekarri zien bertan lan egiten zutenei. Elkarteak, hein handi batean, hainbat faktoreen bidegurutzean sortu ziren, hala nola, biztanleriaren handitzea, aisialdi kontzeptuaren sorrera eta aisialdi horretaz gozatzeko lekuen eskasia, batez ere Donostian, non bizilagunen eskaria jarraituz udalak itxiera ordutegi zorrotzak ezarri zituen.

Agirre Francok www.sociedadesgastronomicas.com webgunean azaltzen du zeintzuk ziren garai horretan elkarteek eskaintzen zituzten abantailak: “Bazkideek elkarte batean zituzten abantailak ugariak dira. Giza taldea aukeratua da eta elkartzen dituen zaletasun bat dago; ez dago arratsalde guztia ezer hartu gabe egoteagatik, sagardotegi eta tabernetan gertatzen den moduan, mutur txarra jartzen duen jaberik –bazkide guztiak dira jabe–; salgaiak merkeagoak dira etekin industrialik ez dagoelako; ez dago jende pilaketarik, ezta leku publiko bat ixteko agintzen duen ordutegi kontroli, eta abar. Gainera, elkartean bazkide guztiek komunean dituzten sentimendu eta zaletasunak garatu ditzakete, horiek kirol arlokoak, ongintzazkoak, kulturalak, edo olgetarakoak izan”.

Kirol elkarte herrikoi eta gastronomikoaren ereduarekin, Aitz-Zorrotz 1959an hasi zen egoitza propioa ezartzeko lokala erosteko lanetan, eta urte horretan bertan, abenduan, proiektua aurrera ateratzeko batzorde bat sortu zen. Bazkide beteranoenek gogoratzen dutenez, Rafael Diezena izan zen ideia. Hilabete baten buruan, batzordeak lehen emaitzak eman zituen, eta 1960ko urtarrilaren 8an zuzendaritzari jakinarazi zion A Etorbideko 5. zenbakiko lokala erosteko pausoak emanda zituela. Garai horretan lokala nolakoa zen ikusteko nahikoa da gaur egungoan lurrean jarri zen lehen baldosa noraino iristen den begiratzea; baldosa hori originala da oraindik, gorria marko zuridunarekin. Lokala erosi ondoren batzorde hori bera izan zen altzariak, ontziteria, kafe makina eta inaugurazioa egiteko behar ziren gainerakoak erosteko arduradun.

Behin lanak amaituta Oriamendi Tertzioa izena hartu zuen kaleak, eta lokala 11. zenbakiaren sotoa zen. Elkartearen egoitza 1960ko martxoaren 27an inauguratu zen, bazkari batean; gonbidatuen artean soilik hogei bazkide zeuden, gainerakoak elkartetik kanpokoak baitziren, alegia, agintariak. Horien artean zegoen Guardia Zibilaren komandantea, eta horrek gero ekitaldia baliatu zuen zuzendaritzan zegoen kide bat Pergolatan hartu eta, konfiantza bazutela itxura eginez, herrian zebiltzan greba zurrumurruen inguruan galdetzeko; zuzendaritzako kidearen atsekabea handia izan zen, kalean komandantearen besoa sorbaldan zuela, zer esan ez zekiela, kasu batean benetan ez ezer ez zekielako eta bestean ezjakinaren itxura egiten ari zelako. Elkartearen akten arabera, inaugurazioa arrakastatsua izan zen, eta lehen egun horretako poztasunak hurrengo egunetan jarraitu zuen bazkideen parte-hartze “nahiko altuarekin”. Era berean, bazkideek euren poza agertu zuten zuzendaritzak lokala sortzeko egindako lanarekin, eta 1960ko uztailaren 20ean sartu zen zuzendaritza berriak bazkide sortzaile izendatu zituen aurrekoan egondakoak: Ricardo Mozo Jimenez, Rafael Diez, Dionisio Ochoa, Anselmo Ruiz, Juan Bautista Agirre, Antonio Campos, Gregorio Sanz, Carmelo Zabalegi, Pedro Urkia e Isidoro Muñoz. Egoitza erosi zeneko urteurrena ospatzeko bazkideen artean bazkari bat egiten zen urtero, eta bosgarren urteurrenean ondokoa izan zen menua: “zopa, arkume errea, entsalada eta fruituak; edariak, kafeak, likoreak eta puruak, elkartearen kontura”.

Rafael Diez eta Anselmo Ruizen moduko bazkide beteranoenek gogoratzen dutenez (zuzendaritzan zeuden orduan eta gero presidente ere izan ziren), egoitza propioa sortu aurretik inork ez zuen Aitz-Zorrotzeko bazkide izan nahi, baina inaugurazioaren ondoren batek eta besteak galdetzen zieten zer egin behar zuten bazkide izateko. Bazkide kopurua, ordea, 110era mugatuta zegoen, “orain arte bezala, eta mugarik gabe ehiza edo arrantza bazkide izan nahi dutenentzat”. Elkartearen aktetan ageri denez, egoitza berriak beste dimentsio bat eman zion Aitz-Zorrotzi, eta une horretan hasten da zenbaki bazkideen eta kirol bazkideen arteko bereiztea, ordutik aurrera horiek izango baitira elkarteak izango dituen bi aldeak: soziala (biltzeko eta aisialdirako lekua) eta kirol arlokoa (ordura arte bezala, elkarteak Beasainen eta inguruan ehiza eta arrantza kudeatzen jarraitu zuen).

1960ko martxoaren 18an zuzendaritzak bazkide guztiak deitu zituen egoitzaren arauak ezagutarazteko. 1961. urteko urtarrilaren 28a arte, ordea, ez zen lehen barne-araudia idatzi, eta ordura arte Zaldibiako ehiza eta arrantza elkartearen araudiarekin zuzendu zen. Bilera horretan, gainera, egoitzaren administrazioa kudeatuko zuen zuzendaritzako taldea aukeratu zuten. Orduko horretan astero biltzen zen batzorde bat arduratzen zen likidazioak egiteaz eta biltegia zaintzeaz.

Lokala 1960. urtetik Aitz-Zorrotzen egoitza zen arren, bitxia da hiru urte geroago arte ez zituztela eskriturak egin, 1963ko martxoaren 29ko aktak dioenez. Egun horretan eman zioten bazkideek presidenteari eskriturak egiteko boterea, garai horretan Luis Orunari. “Bertan ezarriko da egoitza soziala”, dio egun horretako aktak. Kontua da 1963ko martxora arte ez zirela eskriturak egin, nahiz eta zuzendaritzak eraikitzaileari aurretik eskatu. 1961eko uztailean eskatu zion eskriturak egitea zuzendaritzak Agustin Irazustabarrena Aiestaran eraikitzaileari, eta abuztuko akta baten arabera, kezka zen nagusi lokala oraindik legalki eurena ez zelako. Bazkidek 1963ko martxoaren 29ko ezohiko batzarrean eman zioten eskriturak egiteko boterea presidenteari, eta azkenik 1963ko ekainaren 25ean egin zituzten. Agiri horietan agertzen den moduan, eskailera jaitsiz eskuineko sotoko lokala zen, ezkerrekoa kaletik eraikinera begiratuta. Eraikina 1960ko irailaren 13an eraiki zen, eta lokalan banatzea 1960ko abenduaren 4ean egin zen.

Jarraian dago 1963ko martxoaren 29ko ezohiko batzarraren akta, elkarteak zituen 110 bazkide guztiek parte hartu zutela argitzen duena, horien sinadura eta guzti:

“Beasainen, 1963ko martxoaren hogeita bederatzian biltzen da ezohiko Batzar Nagusian Aitz-Zorrotz izena erabiltzen duen Beasaingo Ehiza eta Arrantza elkarteko Bazkideen Biltzar Orokorra, bere egoitzan, Beasaingo herriko kale nagusiko 42. zenbakian, Aguirre tabernan.



Presidente on Luis Oruna Ormazabal delarik, eta zuzendaritzako kide on Aristeo Ruiz Diez, on Angel Rocandio Armentia, on Isidoro Cuñado Gonzalez, on Javier Gonzalez Diez, on Lucio Ruiz Diez, on Telmo Esnaola Lasa, on Eustaquio Felipe Garcia del Valle, on Hilario Galparsoro Berasategui, on Miguel Munguia Vizcaino, on Gregorio Ruiz Diez, on Felipe Zubia Soto, on Silvestre Zurutuza Urquía, eta idazkari lanetan on Jose Maria Rocandio Armentia ari delarik.

Presidente jaunak bilera hasten du, eta azaltzen du Beasaingo herriko Oriamendi Tertzio kalean dagoen eskailera jaitsiz eskuineko sotoko lokala edo ezkerrekoa kaletik eraikinera begiratuta erostea Batzarrean erabakitzea dela bileraren helburu bakarra, on Agustin Irasustabarrenarenena dena eta egoitza soziala egoki jarriko dena.

Bildutakoek, hainbat iritzi trukatu ondoren eta operazioa aldez aurretik ezagutzen dutelarik, aho batez ondokoa onartzen dute:

On Agustin Irazustabarrena Ayestarani Beasaingo herriko Oriamendi Tertzio kalean dagoen hamaika zenbakidun etxeko eskailera jaitsiz eskuineko sotoko lokala edo ezkerrekoa kaletik eraikinera begiratuta EROSTEA, on Luis Oruna Ormazabal Presidente Jaunari Notario Jaunaren aurrera joan eta behar den salerosketa eskritura egin dezan boterea emanez, horren aurretik adostutako prezioa aurretik ordainduz.

Eta eztabaidatzeko beste gairik ez dagoenez, bilera ixten da aktan idatziz bertan elkartearen bazkide guztiek hartu dutela parte, aldez aurretik deiturik, eta ondorengoak direla:

  • Antonio Aguirre Irazoqui
  • Juan Btª. Aguirre Irazoqui
  • Matias Albisu Aseguinolaza
  • Domingo Alústiza Berasategui
  • Antonio Alvarez Arrillaga
  • Faustino Arámburu Aguirre
  • Eugenio Arámburu Aguirrezabal
  • Enrique Arámburu Ortiz de Zárate
  • Abraham Arrugaeta García
  • José Asla Chaves
  • Gumersindo Cuadrado Cuadrado
  • Emiliano Cuesta Rueda
  • Miguel Azurmendi Mendizabal
  • José Barredo Ibáñez
  • Luis Bastida Jayo
  • Javier Baztarrica Catarain
  • Pedro Cadarso Zúñiga
  • Antonio Campos Rodríguez
  • Ignacio Cortés Riloba
  • Jesús Cuadrado Cuadrado
  • Isidoro Cuñado González
  • Angel del Olmo Izquierdo
  • Daniel Díez López
  • Rafael Díez López
  • Felix Díez Sainz
  • Angel Rocandio Armentia
  • Juan Dorronsoro Dorronsoro
  • Joaquín Dorronsoro Murguiondo
  • Martín Dorronsoro Peñagaricano
  • Francisco Echeverría Garmendia
  • Eustaquio Felipe García del Valle
  • Enrique Emparanza Aguirrezabal
  • Santiago Garmendia Mendía
  • Telmo Esnaola Lasa
  • Lorenzo Echave Zabaleta
  • Hilario Galparsoro Berasategui
  • Angel Gamayo Unzueta
  • José María Rocandio Armentia
  • Ignacio Gaztañaga Olano
  • Eugenio Gochicoa Gorricho
  • Gabriel Gorrochategui Yarza
  • Porfirio Arina Zúñiga
  • Higinio Heras Vicario
  • Angel Martínez Elorza
  • Valentín Lizarralde Noguira
  • Víctor Imaz Bernedo
  • Antonio Imaz Suquía
  • Francisco Irastorza Oyarbide
  • Gregorio Irizar Lizarazu
  • Modesto Irizar Zubeldia
  • Agustín Iruretagoyena García
  • Eugenio Jáuregui Aguirre
  • Antonio Lacasa Sansegundo
  • Pedro López Aguilar
  • Faustino López de Armentia
  • José Joaquín Mendia Urteaga
  • Juan Miguel Mendizabal Arguiñano
  • José Mendizabal Múgica
  • Leopoldo Michelena Olazábal
  • Sabino Mingo Miota
  • Ricardo Mozo Jiménez
  • Javier González Díez
  • Manuel Múgica Ayerbe
  • Pablo Muñoz Alonso
  • Isidoro Muñoz Nieto
  • Miguel Munguía Vizcaíno
  • Juan Muruamendiaraz Larrañaga
  • Dionisio Ochoa Salazar
  • Luis Oruna Ormazabal
  • José Ignacio Oyarbide Larrizabal
  • Eusebio Perdiguero Moreno
  • Eleuterio Pozas Santamaría
  • Afrodisio Presa Fuentes
  • Antonio Rebollar Hernández
  • Antonio Rebollar Díaz
  • Julián Rocandio Armentia
  • José Luis Rodríguez Gastón
  • Angel Ruano Martínez
  • Anselmo Ruiz Díez
  • Aristeo Ruiz Díez
  • José Jáuregui Pagoaga
  • Gregorio Ruiz Díez
  • Lucio Ruiz Díez
  • Julian Ruiz Velicia
  • Juan José Santesteban Arrate
  • José Mª Salinas Armendáriz
  • Gregorio Sanz Regorigo
  • José Sarasola Múgica
  • Bernardo Sarriegui Ayestarán
  • Evaristo Somoza Otero
  • Francisco Tellería Iraeta
  • José Tellería Irastorza
  • José Tellería Pagoaga
  • Javier Tellería Munguiñano
  • Juan José Moreno de Aller
  • Guillermo Torres Villa
  • Felipe Zubia Soto
  • Eduardo Urbina Trigo
  • Antonio Uribe-Echeverría
  • José Urizar Pérez de Lazarraga
  • Jesús Urizar Pérez de Lazarraga
  • Pedro Urquía Garmendia
  • Fermín Urrutia Goicoechea
  • Pablo Ventureira Busto
  • Antonio Ventureira Porres
  • Felipe Ventureira Ruiz
  • Jesús Vitoria Arratibel
  • Nicolás Yábar Echeverría
  • Carmelo Zabalegui Vitoria
  • Silvestre Zurutuza Urquía”


  • Eskriturak atzeratu egin zirenez, 1961. urtean abokatu batekin kontsulta egitea erabaki zen, bazkideek egoitzaren sarrera berriaren inguruan izan zitzaketen eskubideen inguruan galdetzeko. Izan ere, salerosketa eskriturak ez zuten polemika falta izan, 1963ko ekainaren 19ko bileran Agustin Irazustabarrenak ez baitzituen sinatu nahi izan, argudiatuz ordaintzeko adostutako 150.000 pezetak ordaintzeko falta ziren 5.000 pezeten inguruan hitz egiteko bilera bat egin nahi zuela. Polemikaren oinarrian salerosketa kontratua egin zutenean eraikitzaileak atzeko atea bat egiteko hartu zuen konpromisoa zegoen. Nafarroa Etorbidetik elkartearen atzealdera iristen zen bide baterako sarrera eta irteera eman behar zuen ate horrek. Ezadostasuna azkenean aterik gabe eta 2.500 pezeta ordainduz konpondu zen.


    Tresnak eta guzi zenbatuta, 165.000 pezeta ordaindu ziren guztira egoitza berriarengatik, eta kostu hori ordaintzeko bazkideen artean 125 pezetako obligazioak jarri zituen elkarteak salgai bazkideen artean, ezarritako kuotaz gain. Elkartean sartzeko lehen sarrera kuota, hain zuzen, obligazio horietako bat izan zen, eta hori ezin zen amortizatu, aktetan zehazten denez. Gainontzeko obligazioak zozketa bidez amortizatzea erabaki zuen elkarteak bere ahalmenaren arabera. Behin horiek amortizatuta, sarrera moduan saldu ziren 110 obligazioen balioa elkartearen eta bere instalakuntzen balioa izatera pasa ziren. Obligazioekin batera horien jabetza baldintzak ere ezarri ziren: “Bazkide bakoitzaren izenean ezarritako hasierako 110 obligazio horiek ezin zaizkio beste inori eman. Bazkideren batek, egoera berezi bategatik, bere obligazioa uzteko beharra izango balu, Zuzendaritzaren eskuetan utzi beharko du, eta horrek ezereztatu egingo du hori egiten den momentuan duen balioa ordainduz”.

    Lokala erosi zen unean, gainera, bazkideek aldameneko beste lokala erostea ere eztabaidatu zuten, diru kopuru berberagatik, gaur egun elkartearen zati bat den lokala. Baina bazkide beteranoenek gogoratzen dutenez, aukera hori baztertu egin zen operazio horrek ekonomikoki zuen tamainagatik. Kontua da sotoko eskuineko lokala erosita gastua handia zela, eta dirua ez zela soberan izaten. Bazkideek itzulerarik gabe dirua jarri zutela gogoratzen dute. Nabarmendu behar da 1961eko uztailean zuzendaritzak obligazioak erostera gonbidatzen jarraitzen zituela bazkideak, eta frigorifikoaren erosketa horiekin ateratako diruaren baitan zegoela. Telebista erostea 1962ko abuztuaren 7an onartu zen, eta berogailua 1967ko urrian.

    Telebista erosi berritan, bazkideek adinez txikikoen sarreraren inguruan eztabaidatu behar izan zuten, izan ere, telebistak kopuru handian erakarri zituen. Kontua da, aktetan jasotzen denez, igande eta jaiegunetan haur eta ume asko sartzen zirela elkartera telebista ikustera, eta ez zela geratzen aulkirik bazkideentzat libre. Galdera eta erantzun joan-etorri baten ondoren bazkideek erabaki zuten haur eta umeentzat hiru banku uztea, gainerakoek bazkideentzat gordez. Modu horretan kexak eten ez zirenez, 1963ko otsailean zuzendaritzak erabaki zuen bazkide ez zirenen haurrek soilik 18:30ak arte egon zitezkeela egoitzan, eta ordu horretatik aurrera bazkide zirenen haurrek uneoro aitaren edo kargu hartuko zien beste norbaiten zaintzapean egon behar zutela.

    Azken zorrak 1965ko udan kitatu ziren. Bazkide beteranoenek gogoratzen dutenez, batzuek garai horretan etorkizun apala iragartzen zioten Aitz-Zorrotzi. Baina une horretan bazkideek aldameneko lokala erostea baztertu zuten arren, denbora pasa ahala bereganatzeko aukera izan zuten, egoitza handitzeko ametsa betez, eta gaur egun, 75. urteurrenean, iragarpen guztiak hankaz gora jarriz, Aitz-Zorrotzek hamaikagarren etxeko soto osoa du berea. Eraikina eraiki zenean aldameneko lokalean Beasaingo koadrila batek sortu zuen beste elkarte bat, baina urte gutxiren buruan hori izan zen desagertu zen elkartea, eta ondoren Aitz-Zorrotz izan da, zenbait handitzeren ondoren, soto osoa bete duena.

    img_divider