img_divider

Aitz-Zorrotz gaur egun Beasainen elkarte gastronomiko baten moduan integratuta badago ere, sortu zenean kirol elkarte baten moduan sortu zela nabarmendu behar da. Izan ere, urte guzti hauetan ez dio sekula utzi ehiza eta arrantza kudeatu, sustatu eta babesteari. Plater tiratzeak, irteerak eta lehiaketak izan dira sortu zenetik bere izatearen ardatza, postu zozketen eta lizentzi eta paseen tramitazioaz gain

Aitz-Zorrotzen aitzindaria ‘Cazadores de Beasain’ elkartea izan bazen ere, 1935eko El Diario Vasco egunkariko kronikak agertzen duen moduan, urte gutxi pasa ziren Aitz-Zorrotzek lekukoa hartu eta ehizaz gain, arrantza ere bere gain hartu zuenera arte. “Ehiza eta Arrantza Elkartea”, izenburuarekin hasi zuen kazetariak bere kronika. Elkartearen agiriek frogatzen dutenez, sortu eta berehala hasi zen Aitz-Zorrotz kirol ekintzak antolatzen, eta modu oso aktiboan gainera; 1935eko maiatzean 8,30 pezeta bideratu zituen plater tiratzeak antolatzeko. Urte horretan bertan, orduko kontu-liburuko 90. orrialdean jaso zenaren arabera, plateren atalean, elkarteak bi plater tiratze antolatu zituen, guztira 137,20 pezetako gastua izan zutenak.

Beasaingo udal artxiboan, ordea, urtebete lehenago herriko jaietan jokatu zen usakume tiratze bat dago jasoa, udalak 300 pezetarekin lagundu zuena. Bitxia da horregatik, 1935ean udalaren eta elkartearen artean izan zen eztabaida, udalaren diru-laguntzaren inguruan, bi aldeak ez baitziren diru kopuruari zegokionez adostasun batera iritsi. Elkarteko presidente Felipe Buenok eta Jose Sarasola idazkariak gutun bat bidali zuten udaletxera ekainaren 2ko usakume tiratze handiak eta ekainaren 3 eta 9ko plater tiratzeek sortzen zituzten “gastu ugariei” aurre egiteko diru-laguntza eske. Herriko jaietako programa osatzeko antolatu ziren, eta horiek emandako etekina “gure mendi eta erreketan” ehiza eta arrantza ugari egon zedin birpopulaketara ziren bideratzekoak. Esan bezala, ordea, udala eta elkartea ez ziren ados jarri, jai batzordeak diru-laguntza udal-benefizentziara bideratuta ez zegoelako ukatu zuelako, eta aurrekari txarrik ez sortzeko. Udalak idatzitako erantzunak ageri duenez, bete beharreko baldintza zen hori sarrera kobratzen zen “enpresa edo elkarte partikular” baten ikuskizunak diruz laguntzeko.

Udala prest agertu zen birpopulaketa edozein lan laguntzeko, baina hori ez zen nahikoa izan jasotako erantzunak bazkideen artean sortu zuen haserrea lasaitzeko. Erantzunak ezohiko batzar bat bultzatu zuen, eta horren ondoren presidenteak beste gutun bat idatzi zion udalari. Jarraian doa gutun horren edukia, elkartea orduan nolakoa zen jakiteko datu garrantzitsuak ematen dituelako: 70 bazkide zituen, plater tiratzeak 1930. urtetik antolatzen ziren eta horiek oso sustraituta zeuden herrian.

  “Korporazioa Txit horrek hilaren 2an bidalitako gutunari erantzunez, Usakume eta Plater tiratzeak antolatzeko guk eskatutako diru-laguntza ukatzen duena, elkartea osatzen duten 70 bazkideek euren atsekabea agertzen dute Jai Batzordeak elkartearen izaeraz ematen duen interpretazioarekin, elkartearen araudiek adierazten dutenez hau Elkarte herrikoi eta irekia delako, gure mugetako ehiztari eta arrantzaleen defentsan oinarritzen dena. Ondorioz, gure elkartea ez da inolako enpresa partikular edo anonimo etekinak guztien artean banatzen dituena, baizik eta teoria ordezkatzailearen kontra, sortzen dituen etekinak kolektibitate osoa hartzen dute herriko eta inguruko ehiztarien onerako.
Aurreko lau urteetan jarraian udal-korporazioek ordezkari partikularrak lagundu dituzten moduan, legezko interesarekin espero genuen Korporazio Txit horrek gure eskaera babestea, Diputazio Agurgarriak eta Eibarko Hiria Udalak izan duten jarrera jarraituz, lehenengoak sari bat eman baitu eta bigarrenak diru-laguntza bat, biek ere baieztatu dutenez.
Guzti horregatik, hilaren 6ean Beasaingo Ehiza eta Arrantza elkarteak ezohiko batzarrean hartutako erabakiaren berri emateko ohorea daukagu, behar den bezala hartuko delakoan.
Begirunez agurtzen dugu Korporazio Txit hori, bizi oparoa izango duelakoan. Beasain, 1935eko maiatzaren 6a.
Eranskina: Beasaingo Ehiza eta Arrantza Elkarteak hilaren 6ean ezohiko batzarrean bildua, Usakume eta Plater tiratzeak antolatzeko guk eskatutako diru-laguntza ukatzen duen hilaren 2ko gutuna aztertuta eta Korporazio Txit horrek azaldutako argudioak aztertuta, aho batez bigarren eskaera bat egiteko adostu gara, usakume tiratzearen lehen sarien pareko diru-laguntza emango duelakoan, eta entitate honek trukean hiru tiratzeak doan eskainiko ditu ikusleentzako.
Gure eskaera onartua izango delakoan gaude, Casino Recreativorena (B.F.C.) onartua izan den moduan, bestela, babes ofizialik ez dagoelako, aipatutako ikuskizunak bertan behera utzi beharko ditugu, modu horretan gure herrian sustraituta dagoen ikuskizun herrikoia eta kanpotik hainbeste ikusle erakartzen dituena galduz”.

Bigarren gutun horrek tonu salatzailea izan arren, elkarteak ez zuen lortu azkenean udalarengandik 150 pezeta besterik ez, eta horiek mendiak eta errekak birpopulatzeko ziren. Elkarteak maiatzaren 20ko ezohiko batzarrean laguntza hori ez jasotzea erabaki zuen, eskaeraren motiboa hori ez zelako eta birpopulatzeko garai egokia ez zelako. Udalaren ezezkoa jaso arren, ordea, bi plater tiratzeak aurreikusi bezala antolatu ziren (akaso usakume tiratzea ez antolatzearen kontura, horren berririk ez dagoelako) eta kontu-liburuan jasotzen denez arrakasta handia izan zuten, elkarteak horiengatik 531,80 pezeta irabazi zituelarik.
Arrakasta horrek azaltzen du urte horretan bertan uztailean platerak tiratzeko makina bat erosteko elkarteak egin zuen diru bilketa; makina 125 pezeta balio zituen, eta horiei bilgarriaren beste zazpi pezeta gehitu zitzaizkion. Esan beharra dago jaietako plater tiratzeek duten tradizioa bezain beste dutela urtero bazkideen artean antolatzen ziren tiratzeak, 1935eko abuztuan “elkartea lehiaketa kopa” izenarekin gastatu ziren 15 pezetak frogatzen duten moduan. Garai horretan horrelako proba bat antolatzeak suposatzen zuen gastuaren jakinaren gainean egoteko bi datu: 1935eko ekainean eta uztailean 65 pezeta gastatu zituen elkarteak 500 ‘sean’ plater erosten eta 55 pezeta 500 ‘zurito’ plater erosten.

Beasainen kirol ekitaldiak antolatzeaz gain, sortu zenetik ehiza eta arrantza elkartea kirol ekitaldi horiek Goierriko beste herri batzuetan ere antolatu zituen, bai horietan lagunduz (Ordizian bezala, non bertako ehiza elkarteari 100 plater 15 pezetan saltzeaz gain, 25 pezeta eman zituen sarietarako) baita horiek antolatuz (Idiazabalen, non 1936ko otsailean antolatu zuen, bertako udalarengandik gero 100 pezeta jasoz). Nabarmentzekoa da, 1935eko El Diario Vascoren kronikaren arabera, elkarteak eskualde izaera zuela, eta behin sortu ondoren, Beasain inguruko beste herri batzuetako ehiztariei luzatu zitzaien gonbitea bazkide egin zitezen, gero gertatu zen moduan. Horrek Aitz-Zorrotzek Beasaindik kanpo izan zuen jarduera azaltzen du, esate baterako, herri horietako festetan (Santa Ana edo San Blas, aurreko bi adibideen kasuan). Jarduera hori gutxienez XX. mende erdialdera arte luzatu zen.

Lan guzti hori, ordea, Errepublikaren aurkako altxamenduak eta ondorengo Gerra Zibilak eten zuen 1936ko uztailaren 18an. Uztailaren 27an eta 28an arma tiroak entzun ziren Beasainen, baina pertsonei zuzenduak orduko horretan. Juan Jose Garcia Urzelaieta gazteak lehen pertsonan bizi izan zituen egun horietako gertaerak, eta ondoren ‘Beasain: gau odoltsuena idatzian jaso zuen orduan gertatutakoa (gutxienez Beasainen hogeita hamaika pertsona fusilatu zituzten matxinatuek. Elgetako frontean hil zen Eusko Jaurlaritzaren gudariekin borrokan ari zela orduan Beasaingo ehiztari onena kontsideratzen zena, ‘Mangazarra’ ezizenarekin ezaguna, hegazkin baten metraileta tiroek gorputzean jo zutenean.

Gerrak eta gerra ondorenak hamar urteko parentesia ekarri zuten Aitz-Zorrotzen jardueratan. Orduko kontu-liburuak denbora tarte horretako saltoa egiten du 1936ko ekainetik 1946ko apirilera. Gero, ordea, berriro ekin zien kirol ekitaldiei, eta 1947ko maiatzean 3.351,05 pezeta gastatu zituen Beasaingo jaietako plater tiratzeak antolatzen, eta 3.632,60 jaso zituen antolaketan. Abuztuan 1.000 kartutxo saldu zituen 25 pezetatan, eta irailean 100 pezetako beste faktura bat ordaindu zion Olaberriako guardari bi arrantza zerbitzurengatik. Gerra hasi aurretik bezala, gainera, inguruko herrietan ere tiratzeak antolatzen jarraitu zuen, esate baterako Idiazabalen, non bertako udalak 100 pezeta eman zizkion antolaketa horregatik.

Idiazabalen antolatutako ekitaldiek, ordea, gutxirako balio izan zuten 1953. urtean, Aitz-Zorrotz lur sailaren errenta kontratua berritzeko garaian. 1946. urtetik zuen lur saila errentan hartua elkarteak, urtero 500 pezeta ordainduz. Zortzi urtez luzatu zen lur sailaren jabeen eta elkartearen arteko kontratua, baina 1954ean jabeek “kontrako aldeari” errentan uztea erabaki zuten, elkartearen aktetan ageri denez. 1953ko iraileko akten arabera, elkarteak kontratuarekin jarraitzeko egindako gestioak alferrikakoak izan ziren, nahiz eta zuzendaritzan bi idiazabaldar egon eta horiek izan, horregatik, lan hori egiteko izendatuak.

Beasaingo festak beti izan dira Aitz-Zorrotzen ekitaldiak antolatzeko egun bereziak, eta plater tiratzeak antolatzeko tradizioa 1940ko hamarkadaren azkenera aldean eta 1950eko hasieran indartu zen. Elkartearen barne-agirietan Beasaingo festetan antolatzen ziren tiratzeak dira gehien aipatzen direnak, eta 1961ekoak arrakasta handia lortu zutela jasotzen dute. 1935ean egin zen bezala, tradizioz bi tiratze antolatzen ziren Loinatzetan, probintziala bat Igokunde egunean, ostegunean, eta herrikoa edo bazkideena beste bat jaietako bigarren egunean, asteartean. Lehiaketa horietan, adibidez, 1948an lehen saridunak 400 pezeta eta 100 pezeta balio zuen kopa irabazi zituen. Urte horretan, gainera, elkarteak 6 pezeta gastatu zituen ardoan eta 20 tiro eremua garbitzen.

Elkartea beti saiatu izan da horrelako ekitaldietan dirurik ez galtzen. Sariak eskualdeko industria-gizonei eskatzen zitzaizkien, eta udalak diru-laguntzak emanez laguntzen zuen. 1960ean udalak 2.500 pezeta eman zituen, eta urte horretan lehiaketak Radio Segura eta Radio Loiola irratietan anuntziatu zituzten. Hiru urte geroago 3.000 pezeta eman zituen udalak, eta lortutako etekinarekin elkarteko zuzendaritzak kolaboratzaile guztiak meriendatzera gonbidatu zituen, eskerrak emateko.

1950eko hamarkadan elkartea sendotu egin zen, eta Goierritik kanpora ehizara eta arrantzara joateko irteerak antolatzen hasi zen, garai horretan bazkide bakoitzak bere aldetik ezin zuen eta. 1952ko abuztuak zuzendaritzak bidaia antolatu zuen Aibarrera, Irunberri ingurura, autobusez eperrak ehizatzeko; horrelako bidaiek bazkide gehiago erakarriko zituela espero zen, eta modu horretan elkarteak bizitza oparoagoa izatea. Bidaiari bakoitzak 25 pezeta ordaindu zituen irteera horretan, eta guztira 32 izan ziren bidaiariak, jasotako eskaera kopuruaren ondorioz, zozketa bidez aukeratuak. Elkarteak 1.200 pezeta jarri zituen bidaia ordaintzeko, eta autobusak 1.950 pezeta balio izan zituen. Irteera goizaldeko 1:45ean egin zuten, eta autobusa zuzenean joan zen Lazkaora beneditarren komentura ordu laurden geroago meza entzuteko. Egunsentian ziren ehiztariek Irunberrira iristekoak, eta arratsaldeko bostak arte izan zuten ehizan aritzeko aukera. Beasainera itzuli aurretik geldialdi bat egin zuen autobusak Iruñean. Justo Gutierrez bazkide beteranoak dioenez, ez zen harritzekoa garai horretan goizeko ordu bietan mezetara joatea, izan ere, ehiza garaian igande goizetan meza izaten zen goizeko seietan ehiztarientzat: “Orduan mezetara joan beste aukerarik ez zegoen”.

Zuzendaritzak ondoren aktetan jaso zuenez, Aibarrera eginiko irteera espero baino arrakastatsuagoa izan zen, eta hurrengo urtean bi bidai egitea erabaki zuten: irailaren 15ean Agurainera galeperrak ehizatzera, eta hil horren 27an Artaxonara eperrak ehizatzera. Kontu-liburuaren arabera Agurainera egindako bidaiak 800 pezeta balio izan zituen, eta horietatik 345 bidaiariek ordaindu zituzten, eta beste 453 pezetak elkarteak. Artaxonakoak 2.100 pezeta balio izan zituen, eta horietatik 1.122 bidaiariek ordaindu zituzten eta 978 elkarteak. Zuzendaritza horrek bilera horietan bertan plater tiratze bana Olaberrian eta Seguran antolatzea erabaki zuen, eta horrekin batera platerak botatzeko makina berri bat erostea.

Denboraren poderioz ehiza eremua handitu egin zen, eta 1960ko urriaren 4ean Burgosera joan ziren bazkideak galeperretara, eta 1961eko uztailean Cubo de Burebara (Burgos). Eperrak ehizatzera joateko urtero antolatzen zuen irteera elkarteak, eta 1961ean Revilla (Burgos) izan zen aukeratua, bidaiari bakoitzak 100 pezeta ordaindu zituelarik, eta gainerako gastuak, elkarteak. Revillako esperientzia 1965ean errepikatu zen, ehiza xehearen denboraldiaren irekitzea zela eta.

Bidaiak egiteko esperientzia arrantzan ere errepikatu zen, eta 1954ko maiatzean zuzendaritzak Zudairira irteera antolatzea erabaki zuen amuarrainetara. Arrantza denboraldia hasten zenean ere urtero antolatzen zuen irteera bat Aitz-Zorrotzek, 1962 eta 1963 urteetan Najerilla ibaira, Najerara (Errioxa), 1964ean Orbaitzetara, eta 1966ean Gasteizko urtegira. 1967an bidaia urtegira eta Najerillara biak batean egin zen, nahi zuena lehenengoan geratuz eta nahi zuena bigarrengora arte joanez.

Ehizan eta arrantzan egiteko irteera horiek garai horretan arrakasta handia izan zuten arren, denborarekin eta autoaren garapenarekin, horrelako ekimenak galdu egin ziren, bazkideek ez zutelako jada elkartu beharrik Gipuzkoatik kanpora joateko bidaia ordaintzeko. Gainera ehiza eta arrantza autonomia erkidegoen eskuetara pasa zenetik, zaila da bazkide guztientzako irteera antolatzea, izan ere, autonomia erkidego bakoitzak bere lizentziak ditu, eta bazkide guztiek ez dituzte lizentzi berberak; lehen bi lizentzia mota bakarrik zeuden, Gipuzkoa mailakoa eta Espainia mailakoa, eta Gipuzkoatik kanpora edozein lekura joateko lizentzia bakarra zegoenez, irteerak egin nahi zituzten guztiek zuten lizentzia horin.

Mugarritze osoaren aurretik, Rafael Diezek gogoratzen du Lizarrara eta Pirinioetara joaten zela arrantzara, Lambretta batekin. Vallejerara ehizara joan zela, berriz, Burgos eta Palentzia artera, bera, bere anaia eta beste ehiztari baten artean 93 eper eta sei erbi harrapatu zituztela oroitzen du, bi egunetan, lau egunetarako joan baziren ere, trenez, lehenengoa eta azkena bidaia egiteko baliatu zituztelako: “Lerroan ehizatzen genuen, tiroak beti aurrera botaz, eta pieza pasatzen bazitzaigun joaten uzten genuen, ez genuen tiroa botatzeagatik botatzen”. Gaur egun kartutxoak erosi egiten diren arren, garai horretan ehiztariek eurek kargatzen zituzten etxean zorroa hartu, pistoia sartuz, bolbora gaineratuz, eta takoarekin, perdigoiekin, eta taparekin itxiz. Ondoren kalibratu egiten zituzten.

“Hotz handia pasatzen genuen”, dio Justo Gutierrezek: “Panazko jaka luxu bat zen orduan, eta ez zegoen euritakorik. Jaka baldarrak ziren, zakarrak, linazi-olioarekin, arrantzaleenak bezalakoak; jertseak, lepokoak, txapela… Garai horretan ehiza ez zen garestia, etxeko arropak janzteaz gain, ehiza postuak ez ziren ordaintzen, lizentzia merkea zen eta kartutxoak guk kargatzen genituen; gero batak bestearenak probatzen genituen. Hori bai kanpotik bueltan lo iristen ginen, zakurrak leher eginda, eta sorbalda ubel”.

Baina Aitz-Zorrotzen kirol jarduera lehiaketak eta irteerak baino gehiago zen. Lehen aipatu bezala, sortu zenetik ehiza eta arrantza sustatzeaz gain, bi kirol horiek kudeatzea eta informatzea bere ardura izan du. Modu horretan 1952ko urriaren 4ean Haizpen beste postu bat jarri zutela jakinarazi zuen, eta ondorioz bost zirela Etxegaraten Jose Arana Aldasororen tabernan goizeko seiak eta erdietan zozketatzekoak ziren postuak.

Elkarte publiko bat ez den arren, bere sorreratik Aitz-Zorrotzek herriko beste erakunde baten moduan funtzionatu du, eta 1961eko abenduan arrantza lizentzien kudeaketa hartu zuen, herritar guztien zerbitzura jarriz; ardura bera izan zuen 1962an, eta gaur egun ere arrantza lizentziak egiteko ardura hori dauka. 1962an platerak botatzeko makinak aurrerantzean alokatzea erabaki zuen, aldi bakoitzean 150 pezetagatik eta makina eraman behar zutenen bidaia ere pagatu behar zelarik.

Ehizaren eta arrantzaren kudeatzaile eta arduradun den heinean, Goierrin harraparien kopurua kontrolatzeko lanetan ere parte hartu izan du elkarteak. 1961ean azeria harrapatzeko uxaldietan aritu zen Ataungo Erbia elkartearekin batera. Garai horretan ehizaren eta abeltzaintzaren etsai handienetako bat zen azeria. 1969an Ataun, Idiazabal, Ordizia eta Zaldibiako elkarteekin batera lehiaketa bitxi bat antolatu zuen Aitz-Zorrotzek uxaldi moduan: azeri bat harrapatzen zuenari 200 pezeta ematekotan geratu ziren, azeria harrapatua izan zen herriko elkartearen kontura; azeri bakoitzeko, gainera, elkarte bakoitzak 50 pezeta jartzen zituen bosten arteko kutxa batean, eta azeri gehien ordaintzen zituzten lehen bi elkarteek kutxa horren %60 eta %40 jaso zuten. Uxaldi bitxi hori 1969ko otsailaren 15aren eta martxoaren 31aren bitartean ospatu zen, eta ehiztariek azeri bat bota zutela frogatzeko bi belarriak aurkeztu behar zituzten elkartean.

Goierriko elkarteen arteko lana ohikoa izan da urte guzti hauetan, jakina baita interes bera dutela guztiek ere ingurumena babestu eta ehiza eta arrantza bultzatzeko. 1970eko irailaren 15ean Ataun, Idiazabal, Zumarraga, Urretxu eta Beasaingo elkarteek Eztanda ibaian bi urtez gutxienez arrantza debekatzea erabaki zuten. Gaur egun, Goierriko elkarteek ere modu berean egiten dute lan, eta bai ehiza baita arrantza kontuetan ere Aitz-Zorrotz ikurra da eskualdean, beste elkarteekin talde lana bultzatuz.

Aitz-Zorrotzek bi ehiza txapelketa antolatzen ditu urtean: bat elkartekoa eta bestea eskualdekoa. Biak Zanbranan jokatzen dira, eta elkarteko lehen lau sailkatuak eskualdekoa lehiatzen dute, Goierriko beste lau elkarteko lehen lau sailkatuekin batera. Bi ehiza txapelketak aurretik ehiza askatuz ospatzen dira. Eskualdeko txapelketan lehen postuetan sailkatzen direnak gero Gipuzkoako txapelketan parte hartzen dute.

Usoari dagokionez, Beasainen sei ehiza postu daudela esan behar da. Murumendin daude seiak, baina lerro horrek gero Itsasondon jarraitzen duenez, herri horretako elkarteak zozketatzen ditu euren postuak baita Beasaingoak ere, denon onerako. Horregatik, momentu honetan Aitz-Zorrotzek ez du uso posturik zozketatzen, nahiz eta urte askotan egin izan duen. Lazkaomendiko postuak hamazazpi urtez kudeatu zituen elkarteak, 1986ean Diputazioak liskar batzuengatik ixtea erabaki eta gero. Azkenean, ordea, Aitz-Zorrotzek eskatzen zuen bezala, Lazkaoko elkarteak hartu zuen zozketen ardura. Urte horietan, gainera, Diputazioak Zegamako postuen ardura ere eskaini zion Aitz- Zorrotzi, beste liskar batzuk medio, baina Lazkaomendikoekin ari zenez eskaintzari uko egin behar izan zion elkarteak.

Denboraren poderioz, elkartearen kirol jarduera eraldatu egin da. Lehen aipatu bezala, gaur egun ez dago Gipuzkoatik kanpora irteerarik antolatu beharrik, baina beste lan batzuek hartu dute horien lekukoa, batez ere ingurumenaren babesari eta zaintzari eta ehiztari eta arrantzaleen kontzientziatzeari dagokionez. Hori esanda, nabarmendu beharra dago ohiko kirolez gain, 1992an elkartearen estatutuek olinpiar tiroa ere gehitu zutela elkartearen jardueren artean, ordura arte plater tiratzea tradizioa izan arren, urte horretara arte ez baitzen espresuki kirol modalitate moduan jasotzen.

Ildo horretan, 1990eko hamarkadatik Aitz-Zorrotz heriotzari gabeko arrantza bultzatzen ari da, baina txapelketatan baita horietatik kanpora ere, batez ere arrantzale gazteenen artea, Gipuzkoako erreka eta ibaien egoera kaxkarraren gainean kontzientzia hartu dezaten. Urte guzti hauetan ehizak eta arrantzak eboluzio handia jasan dute, eta Gipuzkoako Aldundiarekin batera Aitz-Zorrotzek erreka eta ibaien ikerketa, analisi eta birpopulaketan parte hartzen du; horregatik Aitz-Zorrotzek eta bere moduan lan horietan dabiltzanak dira espezieak zaintzea zer beharrezkoa den gehien jabetzen direnak, eta zaintzea baino gehiago, dagoeneko zoritxarrez, espezie horien aldeko edozein politika bultzatzea zein garrantzitsua den dakitenak.

Elkartearen arrantza taldean parte hartzen duten arrantzaleek heriotzarik gabeko arrantza aldarrikatzen dute probintzia, erkidego eta estatu mailan. “Guk ez ditugu arrainak nahi, eta haurrak hortaz jabetu daitezen saiatzen gara, egia baita, gaur egun ez daukagula arrainak etxera eramateko beharrik”, dio Luis Ruiz Murielek; bera, Olain Irizar eta Unai Urkia dira elkartearen izenean goi mailan ari dira hiru arrantzaleak. Txapelketatan heriotzarik gabeko arrantza praktikatzen da, eta arrantzale horiek txapelketatik kanpo ere arrantza filosofia bera darabilte.

Aitz-Zorrotzen gaur egungo arrantza taldearen oinarria 1986. urtean dago, eta gaur egun, Andoaingo elkartearekin batera, Gipuzkoan kirol arrantzan punta dagoen taldeetako bat da, urtez urte, palmaresa Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketekin hornituz. 1986ean Juan Jose Sanz lazkaotarra Aitz-Zorrotzekin lehiatzen hasi zen, elkarte bazkide den Gregorio Sanz bere osabak bultzaturik. Estreinako aldia ezin hobea izan zen, izan ere, Gipuzkoako txapeldunorde, Euskadiko txapeldunorde eta Espainiako txapeldun izan baitzen urte horretan arrantza arin modalitatean. Bere zaintzapean eta Jose Mari Telleria elkarteko bazkide eta arrantza ordezkariarenean, beste batzuen artean, Luis Ruiz Muriel ordiziarrak, Olain Irizar lazkaotarrak, Unai Urkia idiazabaldarrak eta Iñigo Lopez de Munain beasaindarrak osatzen dute Aitz-Zorrotz arrantza taldea.

“Lehen arrainak etxera eramaten genituen, eta txapelketa batzuekin sekulako sarraskiak egiten ziren. Gero heriotzarik gabeko arrantza ezarri zen, eta gaur egun amuarraina neurtu eta askatu egiten da, gutxi baitaude. Nire kasa errekan harrapatzen dudana ere askatu egiten dut gero”, dio Sanzek. Ohiko txapelketatan amuarraina harrapatzen da, hori baita inguruko arrantzaleen artean espezierik maitatuena. Bi amuarrain mota daude gaur egun gure erreketan, ohikoa (salmo trutta fario) eta ortzadar esaten zaiona (orcorhynchus mykiss). Aitz-Zorrotzeko arrantzaleen iritziz, ortzadar izenekoa zailagoa da harrapatzen ikasia baldin badago, amuari ihes egiten baitio. “50 amuarrain inguruan eta bakar batek kosk ez egitea gertatu izan zait niri. Hori bai, jateko eguna eta ordua badu, edozer gauza botata ere, denak sartzen dira kosk egitera”, azaltzen du Ruiz Murielek.

Gipuzkoako txapelketa jokatzeko ez zen lehen aurretik birpopulaketarik egiten, baina gaur egun beharrezkoa da apur bat ikusgarria izatea nahi bada. Gutxienez 22 zentimetro neurtu behar dituzte amuarrainek, eta gehienez, 35, beti ere buruaren aurreko muturraren eta buztan-hegalaren edo isats hedatuaren erdiko puntuaren artean. Amuarrainak uretatik ateratzeko, gainera, ateragailu bat erabili behar da, arrainari ahalik eta kalte txikiena eragiteko. “Ni Telleriarengatik hasi nintzen. Beti esaten zidan txapelketatan parte hartzeko, baina nik ez nuen nahi urduri jartzen nintzelako. Azkenean, ordea, animatu egin nintzen, eta urte horretan ondo aritu nintzenez, jarraitu egin nuen”, gaineratzen du Ruiz Murielek. Lopez de Munain bere ordezkaria izaten zen txapelketatan, eta giro onak bultzatuta egin zuen berak proba, Euskadiko txapelketara sailkatuz.

Taldeko arrantzale guztiek bat egiten dute afizioagatik parte hartzen dutela txapelketatan, sariek ez baitute konpentsatzen dirutan eta denboran gastatzen den. “Kirol garestia da hau orain, diru asko gastatzen da. Eta urte askotan parte hartzen baduzu lanegun asko galtzen dira arrantzaren kontura”, zehazten du Sanzek, lehiatzen hogei urteko esperientzia duen arrantzaleak. “Gustatzen zaigulako aritzen gara arrantzan. Hemen dirurik ez dago”, gaineratzen du Urkiak. “Duen gauzarik onena ezagutzen den jendea da; lagun asko egiten dira”, dio Irizarrek.

Aitz-Zorrotzeko taldeko arrantzalea zela entzun zuen Sanzek bazela Lazkaon mutiko bat arrantzan nahiko abila, eta berarekin harremanetan jarri ondoren sartu zen Irizar taldera: “Hamar urterekin hasi nintzen ni arrantzan. Errekan ibiltzen ikasi nuenetik nagoela uste dut”. Taldea osatzeko norbaiten bila ari zirela sartu zen Urkia Aitz-Zorrotzen, bera ere talde bila ari zela. “Ni beti ibiltzen nintzen talderako jende bila”, dio Telleriak. Sanzek dio txapelketan lehiatzearen eta norbere kasa aritzearen artean azkartasuna dela gakoa. Goi mailan, adibidez, ordu erdi dute arrantzaleek lehiatzeko, eta horregatik zozketak eragin handia dauka emaitzan, baita erreka tarteari dagokionez, baita orduari dagokionez. Normalean, parte hartzen dutenen erdia arrantzan aritzen den bitartean, beste erdia araudia betetzen dela zaintzen aritzen da.

Gipuzkoan arrantzarako zaletasun handia dagoela nabarmentzen dute Aitz-Zorrotz taldeko arrantzaleek. Normalean Bidasoa ibaian aritzen dira beraiek, Gipuzkoan, Bidasoan ez bada, barruti batera joan behar delako, ez baitago erreka handirik. Gipuzkoan bi barruti intentsibo daude, bat Leitzaranen (Andoain) eta bestea Araxen (Tolosa). Goierrin nabarmentzekoak dira Ataunen errekak ur asko daramanean dauden amuarrainak; erreka estua denez, ordea, zaila da arrantza egitea. Telleriak,ordea, datorren urtean egoerak okerrera egingo duela iragartzen du, aurten atera diren amuarrain guztiak handiak direlako, eta txikirik ez dagoelako; azken hiru urteetan amuarrainek ez dute arrautzarik jarri eta etorkizuna iluna da Telleriaren hitzetan: “Amuarrainarenak egin du hemen. Datorren urtean ez da Ataunen amuarrainik egongo”.

Lehiatzeko erreka handirik ez dagoen arren, arrantzale gipuzkoarren maila ona izaten da autonomia eta estatu txapelketatan. Aitz-Zorrotzeko arrantzaleek diote zailagoa dela Gipuzkoako txapelketa irabaztea, Euskadikoa baino. Euskadikoan parte hartzen duten hamabi arrantzaleetatik zortzi edo bederatzi gipuzkoarrak izan ohi dira, eta azken urteetan goi mailan Euskaditik Espainiako txapelketara joan diren bederatzi arrantzaleak gipuzkoarrak izan dira. Espainiako txapelketatan gipuzkoarrekin batera Leongo arrantzaleak nabarmentzen dira, baita kataluniarrak ere. Leonen ibai oso onak dituztela arrantzarako diote Aitz-Zorrotzekoek, eta eurak Gipuzkoatik kanpora ateratzen direnean Leon, Asturias eta Palentzia inguru horietara joaten direla. Diotenez, amuarrain kopuruaren jaitsiera orokorra da.

Aitz-Zorrotz arrantza taldeko kirolariek duten oroitzapen onenetako bat Leongo Nazioarteko Masterrekoa da. 2002. urtean izan zen, eta orduko horretan Juan Jose Sanzek, Luis Ruiz Murielek, Olain Irizarrek eta Juan Pablo Piñeirak osatzen zuten taldea. Master horretan erkidego bakoitzeko klub onena gonbidatzen dute parte hartzera, eta Aitz-Zorrotz Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuz joan zen. Portugaleko eta Frantziako ordezkariren bat edo beste ere bazen. Elkarteko arrantzaleek ibaiaren handitasuna eta paisaiaren edertasuna nabarmentzen dute. Binaka egin zuten arrantza, eta horrek beste itxura bat ematen dio lehiari: “Gozatu ederra hartu genuen”. Binaka aritzean arrantzaleak bata bestearekin aritzen dira, euren artean hitz eginez, eta batek besteari aholkuak emanez, izan ere, bi arrantzaleen postuak batuz lortzen da bikotearen sailkapena, eta arrantzale bakoitzaren amuarrain kopuruak ematen du. Arrantza egun zoragarriaren ondoren, autonomia arteko sailkapenean txapeldunorde izan zen Aitz-Zorrotz, baina txapeldun Leongo taldea izan zenez, etxekoa, eta arrantzale horiek klub bat ordezkatzen ez zutenez (espresuki masterrerako elkartu ziren), kluben arteko sailkapenean txapeldun izan zen Aitz-Zorrotz.

Aitz-Zorrotzek antolatzen dituen arrantza txapelketak Lareon eta Arriaranen antolatu ohi ditu. Arkakan ere hasi da txapelketak antolatzen, orain dela gutxi bertan arrantza eskola ireki dutela eta. Elkarteak benjamin, alebin eta infantilen arteko txapelketak antolatzen ditu, eta badaude gaur 20 hogei bat hau elkartearekin lehiatzen direnak; kopuru hori 50ekoa ere izan da. Behin Lareon 14 urtez azpiko 140 haur elkartu ziren arrantzan, arrisku txikiko paraje ederrean

Mención especial merece el campeonato que se ha celebrado este año 2008 en el río Oria, con motivo del 75 aniversario de la sociedad, y en el que se pescó mucho barbo para deleite de los chavales y chavalas que participaron. Destaca Telleria que entre las chicas la pesca goza de buena afición, y en este momento hay un grupo de entre 12 y 13 años que tiene buen nivel. En un campeonato reciente que se celebró en Alegia ganaron precisamenNabarmentzekoa da, gainera, aurten elkartearen 75. urteurrena dela eta, Oria ibaian jokatu den txapelketa. Haurrek barbo asko harrapatu zituzten, arrantza egun ederraz gozatuz. Telleriak dio neskatoen artean ere afizioa badagoela, eta gaur egun badaudela 12 eta 13 urte bitarteko talde bat maila ona duena. Orain dela gutxi Alegian jokatu zen txapelketa batean horietako bik irabazi zuten. Arazoa, ordea, beste kirol batzuekin gertatzen den moduan, 14 urteetatik aurrera dator, adin horretan gutxik jarraitzen baitute arrantzan. Haurrentzat txapelketak antolatzeaz gain erretiroa hartuta dauden elkarteko bazkideentzako lehiaketak ere antolatzen ditu Aitz-Zorrotzek, normalean ekainera alderate dos de ellas. El problema, sin embargo, como sucede en otros deportes es que llegadas a la edad de 14 años son pocas las que continúan pescando.

Aitz-Zorrotz también organiza un campeonato para socios jubilados en mayo y otro abierto para jubilados en general en junio.

PALMARESA (2008. urtean)

  • Iñigo Lopez de Munain
    Gipuzkoako txapeldun arrantza arinean (2006).
    Euskadiko txapelketan hirugarren (2004).

  • Unai Urkia
    Euskadiko txapeldun taldeko (2002.)
    Euskadiko txapeldun arrantza arinean (2007, 2008).
    Goi mailako Euskadiko txapeldun (2007).
    Espainiako txapeldun taldeka (2005, 2007 eta 2008))
    Espainiako txapelketan amuarrain gehien hartu zituenari saria (2008): 27
    Espainiako txapelketan amuarrain handiena hartu zuenari saria (2003): 52 cm.

  • Olain Irizar
    Gipuzkoako txapeldunorde (2002).
    Euskadiko txapeldun arrantza arinean (2002 eta 2004).
    Espainiako txapeldun taldeka (2005, 2007 eta 2008).
    Txapeldun Santa Marina de Orbigoko Nazioarteko Masterrean kluben artekoan (León 2002).
    Txapeldunorde Santa Marina de Orbigoko Nazioarteko Masterrean autonomia artekoan (León 2002).

  • Luis Muriel (Ordizia)
    Euskadiko txapeldun taldeka (2002).
    Gipuzkoako txapeldun arrantza arinean (2007).
    Euskadiko txapeldun taldeka (2007).
    Txapeldun Santa Marina de Orbigoko Nazioarteko Masterrean kluben artekoan (León 2002).
    Txapeldunorde Santa Marina de Orbigoko Nazioarteko Masterrean autonomia artekoano (León 2002).

  • Juan José Sanz
    Gipuzkoako txapeldunorde, Euskadiko txapeldunorde eta Espainiako txapeldun arrantza arinean (1986).
    Hamar aldiz Gipuzkoako txapeldun latigo modalitatean, eta hainbat aldiz txapeldunorde.
    Hamar aldiz Euskadiko txapeldun latigo modalitatean, eta hainbat aldiz txapeldunordes.
    Txapeldun Santa Marina de Orbigoko Nazioarteko Masterrean kluben artekoan (León 2002).
    Txapeldunorde Santa Marina de Orbigoko Nazioarteko Masterrean autonomia artekoan (León 2002).


  • Hiru aldiz munduko txapelketan parte-hartzailea: Kanada, Txekiar Errepublika eta Suedia.

    img_divider