Gipuzkoako elkarte gehienetan bezala, Aitz-Zorrotz gizonen bilgunea izan da historikoki. Emakumeek soilik denboraren poderioz izan dute egoitzara sartzeko aukera lehenik, eta elkarteko bazkide izateko eskubidea bigarrenik. Gerra Zibilaren aurreko eta ondorengo garaian espazio publikoa gizonen eremua zen, eta pentsaezina zen emakua Aitz-Zorrotzen moduko elkarte batean sar zitekeenik, are gutxiago aisialdirako, ehizarako eta arrantzarako batean.
Gainera, Aguirre taberna izanik elkartearen egoitza, emakumeek biltokia ere ezin zuten konpartitu, tabernak ere gizonentzat gordetako lekua zirelako. Pixkanaka-pixkanaka, ordea, Aitz-Zorrotz garai berrietara egokitu da, emakume eta gizonen arteko errealitatera, eta gaur egun historian lehen aldiz zenbakidun bazkide moduan hartu dezakete partea.

img_divider

Kirola gizonentzat eta gizonek zuzendutako esparru bat izan da urte askoan. Aitz-Zorrotz kirol elkarte bat izanik, 1960. urtean egoitza erosi zen arte ez zuten emakumeen inolako parte-hartzerik izan. Ehizan eta arrantzan aritzeko abildadeak tradizionalki gizonei egotzi zaizkie, eta horrelako kontuetan emakumeek zuten parte hartzea bakarra pasiboa zen, etxeko lanetara mugatua; horien artean egon zitezkeen, alegia, harrapatutako piezen garbitzea eta prestatzea. Emakume gutxik, bat ere ez esateagatik, zuten aukera orain dela urte ez asko arte eskopeta bat hartu eta afizioz ehizatzeko. Garai horretan emakumeak zuen rolarekin arrantza bateragarriagoa baldin bada ere, esan beharra dago arrantza afizio zuten emakumeek aldamenean kirol hori maite zuen aita edo senarra izaten zutela.

Kirol arloa debekatuta, lokala erosi zenean hasi ziren emakumeak Aitz-Zorrotzen parte hartzen, bazkideen lagun moduan, ez bazkide moduan. 1946ko estatutuek diote bazkide izateko “15 urtetik gorakoek eta 20 urtetik beherakoek gurasoen edo tutoreen baimena” behar zutela, baina sexuari dagokionez ez du inolako aipamenik egiten, ziurrenik garai horretan erabat pentsaezina zelako emakumeek horrelako elkarte batean bil zitezkeenik.

1961. urteko elkartearen lehen barne-araudiak, ordea, 15. artikuluan emakumeek egoitza sartzeko aukera mugatu zuen, eta soilik igande eta jaiegunetan sar zitezkeen: “Andereei lokalean sartzen debekatzen zaie, igandeetan, jaiegunetan, herriko jaietan eta San Martin egunean (otsailak 5) izan ezik; egun horietan sartu ahal izango dute beti ere bazkide batek lagunduta badatoz eta modu zuzen eta duinean, Zuzendaritzak ontzat jotzen duen ordutegira mugatuz. (…) Era berean Zuzendaritzak egoki ikusiko balu, baimen hori beste jaiegun batean eman dezake, aitortzen zaion aukera horretaz abusatu gabe”.

Artikulu horrek emakumeen sarrera arautzen zuen arren, gai hori bazkideen artean eztabaidatua izaten zen; horrela gertatu zen, esate baterako, 1966ko ekainaren 11n egin zen ohiko batzarrean. Beste behin, haurren sarreraz ari ziren eztabaidatzen bazkideak; oraingoan futbola zen kexuen eragilea. Kontua da telebista erosi ondoren haur eta ume asko biltzen zirela futbola ikusteko igande arratsaldeetan, aktak dionaren arabera, bankuak bete eta zalaparta sortuz. Bazkide batek, horregatik, haur eta umeei sarrera debekatzea proposatu zuen, baina beste batek kontra egin zion eskatuz horrela egin ezkero, emakumeen sarrera ere debekatu zezatela. Ez zen gai erraza, izan ere, bazkide beterano batek gogoratzen duenez, batzuentzat nahi ez zituzten begiradetatik eta kale zurrumurruengandik ihes egiteko tokia zen elkartea, eta emakumeak sartzen utziz gero hori ez zutela horrela egin ahal izango pentsatzen zuten.

Lehen aipatu bezala emakumeen espazioa etxean eta etxeko lanetara mugatuta zegoen, eta egoitzan egiten zen salbuespen bakarra atezainaren emaztea zen, data seinalatuetan bere senarra laguntzen zuelako garbiketa eta berriz jartze lanetan. 1961. urtean adibidez lan horregatik 150 pezeta eman zitzaizkiola ageri da aktetan. Atezainaren emaztea, gainera, sukaldera sar zitekeen emakume bakarra zen, lehen barne-araudiaren 20. artikuluaren arabera: “Bazkide batek duen gonbidatu kopurua dela eta, ezin baldin badu sukaldea behar bezala eraman, gonbidatu batek sukaldera sartu eta lagundu ahal izango du. Emakumeek, atezainaren emaztea izan ezik, ezingo dute sukaldean sartu inolaz ere ez”. Garai horretan ez zen ohitura izaten gizonek etxeko sukaldean aritzea, baina elkartean ahal zuen moduan moldatzen zen bazkide bakoitza jateko zerbait egiteko, eta bazkide beteranoenek gogoratzen dute Lucio Ruiz ‘Canito’-k eta beste bazkideren bat beti agertzen zirela prest, su artean zuten abilezia baliatuz, zerbait prestatzeko eskatzen zienari egiteko.

Emakumeen debekuak, ordea, ezin zuen denbora luzaz iraun, behin Beasaingo gizartea aurrera pausoak ematen hasi zenean. Jende gaztea sartu zen elkartean, eta horiekin ohiturak aldatzen hasi ziren. Lanegun eta larunbatetan emakumeen sarrera debekatuta zegoen arren, pixkanaka-pixkanaka hasi ziren batzuk euren bikoteekin afaltzera joaten, bazkide zaharrenen begirada zorrotzaren pean, horiek ez baitzeuden emakumeak ordutegi eta egutegirik gabe sartzen uztearen alde. Debekua kendu aurretik jada zuzendaritzan egon zen koadrila batek atean zegoen “Emakumeek debekatuta dute sarrera” kartela kentzea erabaki zuten, iraingarria zelakoan. Azkenean ohiko batzar batean eztabaidatu zen gaia, eta Nicolas Yabarrek proposatuta, Pablo Muñoz bazkideak dioenez, onetsi egin zen emakumeei sartzen uzteko proposamena; “elkartearekin akabatuko duzue”, iragartzen zutenen aurrean ondorengo iritzia bat nagusitu zen: “ni bazkidea naiz, eta ezin al dut ba nire emaztearekin afaltzera etorri?”. Onespenaren ondorioz bazkide batzuk elkartea utzi zuten, baina horien ordez jende gazte gehiago sartu zen, eta elkarteak ordura arte izaten jarraitu zuen, dinamismo gehiagorekin.

1985eko barne-araudiak ez du jasotzen jada emakumeak sartzeko debekurik, eta soilik esaten du 14. artikuluan, modu generiko batean, “edozein bazkidek gonbidatu dezake elkartera bazkide ez den edozein pertsona, edaten duena eta bere jokabidea bere gain hartuz. Emandako aurrerapausoak, ordea, ez zuen sukalderako sarrera arautzen, eta emakumeei sukaldera sartzeko debekua mantendu zitzaien; nahiz eta bazkide ez izan, gizonak bazkidea laguntzera sartu zitezkeen, emakumeek ezin zuten “inolaz ere sartu”, “garbitzailearen eta atezainaren lagun minaren salbuespenarekin”. Araudi horrek berak, gainera, haur eta umeen sartzeko debekuak kendu zituen, 17. artikuluan, sartzeko baimena emanez, “elkartea jolas-parke bat bihurtu gabe”.

Emakumeen eskubideak denborarekin garatu ziren. 1992ko barne-araudiak bazkide batek bere lekua aita, seme edo anai bati utzi ziezaiokeela arautu zuen, baina ez zuen ez ama, ez alaba ezta arrebarik aipatzen. Arau horiek, ordea, euskal gizartearen errealitate sozialarekin ez zetozen bat; bi hilabete lehenago Eusko Jaurlaritzan aurkeztu eta onartutako estatutuetan ez da zehazten bazkide berriak gizona edo emakumea izan behar duen, eta bazkideei buruz ari denean, “pertsona” hitza erabiltzen du, gaztelerazko “socio” hitz maskulinoa alboratuz. Seigarren artikuluak honela zioen, gainera: “Elkarteko bazkide guztiak berdinak dira eskubideetan eta egin beharretan, eta euren artean ezin du egon jaiolekuarengatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edo beste edozein baldintza pertsonal edo sozialagatik diskriminatzeko xedapenik, ezta hori bultzatu dezakeenik”.

1992ko artikulu hori eskuan hartuta, harrezkero ezin zitekeen egon emakumeak baztertzeko inolako arrazoirik. Azkenik 2008. urte honetan, 75. urteurrenean, berdindu dira barne-araudian gizon eta emakumeen arteko eskubideak, errealitate berrira egokituz. Urte honetako barne-araudia egiteko oinarrietan ageri da bazkide batek bere lekua aita, seme, alaba, anai edo arreba bati utz diezaiokeela; gauza bera errepikatzen da 45. artikuluan, 46.ean bazkide hiltzen den kasuetan, eta 47.ean erretiroa hartzen duen kasuetan. Araudi honetan “pertsonak” hitza erabiltzen da. Garrantzitsua da zentzu horretan 10. artikulua “pertsona bazkide izateko” zer baldintza bete behar dituen zehazten duena. Gizonen eta emakumeen artean bereizketak egiteari uzten dio, baita gonbidatuen artean ere, eta sukalderako sarrera arautzen duen atalean ere ez da egiten..

Elkarteak 75 urteko historian zehar emakumeen alde eman dituen pausoak ukaezinak dira. Horregatik da Aitz-Zorrotz gaur egun bere egoitzan aktibitate gehien duen elkarteetako bat, debekuak utzi eta gizartearen eskaerei erantzun diolako. Eta aitortu behar da egoitzaren ateetatik barrura egin duen bezala, kalean ere egin duela hainbat arloetan, adibidez Beasaingo danborradan. Danborradan parte hartu zuen lehen emakumea Aitz-Zorrotz Ehiza eta Arrantza elkartearekin aritu zen, Arantxa Casasola. Lehen kantinera, berriz, Arantxa Ordoñez izan zen.

img_divider