img_divider

Egoitza erosi zenetik, elkarteak soilik kirol elkarte izateari utzi zionetik, bazkide kopurua lokalak zerbitzu egokia emateko izan duen gaitasunari lotu zaio. Azken bi hamarkadetako handitze lanek eraikinaren sotoa osorik betetzera eraman dute elkartea, eta harrezkero Aitz-Zorrotzek 130 bazkide zenbakidun ditu, eta gaur egun ia 30 letradun bazkide.

70 izan ziren elkartea sortu zuten bazkideak, 1935eko kontu-liburua 49 pezetako diru-sartze batekin hasten da, apirilean; kopuru hori hurrengo hilabeteetan handitu zen. Bazkide guztiak ez ziren Beasaingoak, historikoki inguruetako beste herri batzuetako bazkideek ere parte hartu izan dutelako elkartean, eta horren adibide dira 1953an zeuden Lazkaoko lau bazkide, Ormaiztegiko hamabi eta Idiazabalgo lau, urte horretako kuoten diru-sartzeak agertzen duenez. Kasu batzuetan bazkide horien izena ere jasotzen da, eta hori da Pablo Lasa Ormaiztegiko bazkidearen kasua, elkartean 1950ko urrian sartu zena. Beste herrietako bazkideen parte-hartzea ere handia zen, eta 1953ko irailaren 10eko aktaren arabera Idiazabalgo bi bazkide zeuden zuzendaritzan, horietako bat, Rubio abizenekoa (izenik ez du esaten).

Aitz-Zorrotz hasiera batean kirol elkartea soilik zenez, bi bazkide mota zeuden: ohorezkoak, euren merituengatik eta elkarteari sortutako onuragatik izendatuak, eta zenbakidunak, “arauen arabera sartu eta kuota ordaintzen dutenak”. 1946ean bi pezeta ziren kuota. Urte horretako estatutuek diote 15 urtetik gorakoek gurasoen edo tutoreen baimena behar zutela bazkide egiteko, eta horrek pentsarazten du hori zela elkartean sartzeko gutxieneko adina.

Anselmo Ruiz bazkide beteranoak gogoratzen du Aguirre tabernaren garaian kuotak kobratzaile batek jasotzen zituen, eta egoitza erosi zenean bazkideek kartila batzuk zituztela, ordaintzen zituzten kuotak apuntatu eta horretarako espresuki zegoen gutunontzian sartzeko. Kobratzailea, hala ere, egoitza inauguratu ondoren ere aritu zen lanean. 1961eko abuztuak zuzendaritzak gogorarazi zuen bost kuota ordaintzeko zituena bota egingo zutela hamabost eguneko epean zorra kitatzen ez bazuen. Elkartearen altxortegia hutsera gerturatzen zenean kuota kobratze handiak egiten ziren, ustez atzeratutakoak, eta orduan hasten zen kobratzailea lanean. Postu horretan aritu ziren, kontu-liburuen arabera, Fidel Barbolla lehenik eta Abraham Arrugaeta zuzendaritzako kidea ondoren, jasotako diruaren ehuneko baten truke.

1960ko hamarkadaren hasieran zuzendaritzak aukeratzen zituen elkartera sartzen ziren bazkideak, itxaron zerrendan zeudenen artean bozkatuz. 1961ean bazkide izatea pertsonala zela erabaki zen, eta bazkideren bat herritik urruntzen zen kasuetan ere senideren batek edo lagunen batek bere giltza erabiltzea ukatu zen. Soilik bazkide bat hiltzen zenean, 1968an erabaki zenez, zuten euren senideek hildakoaren postua hartzeko lehentasuna, “herentzia eskubideagatik zuena”. Sei hilabetez kirol bazkide zirenak lehenestea ere erabaki zen orduan.

Behin lokala erosi ondoren, bazkide berriek 1.000 pezetako sarrera-kuota bat ordaintzea erabaki zen. 1963an kopuru hori 1.125ekoa zen (1.000 sarrera moduan eta 125 lehen kuota moduan), eta 1965ean hilabetean 30 pezeta ordaintzen zituzten bazkideek. Kopuru osoa 1.425 pezetara igo zen, sarrera-kuota 300 pezeta garestitu zelako, eta 1968an 1.500 pezetara igo zen. Aurreko urtean, 1967an, bost pezeta garestitu zen hilabeteko kuota.

Elkartean beti giro ona izaten zela gogoratzen dute bazkide beteranoenek, jendea 18:00etan elkartzen zela egoitzan, eta egunero lau edo bost mahaitan jokatzen zela kartetan eta dominoan, mahai gainean ardo botila zutela, eta sekula ez zirela falta izaten ehiza eta arrantza kontuak. Egoitzarekin eta autogestioarekin, prezio merkeagoetan hartzen zituzten edariak. “Ardoa zagietan ekartzen genuen, eta Telleriak emandako botila batzuetan sartzen genuen, horiek erabilitakoan ondo garbitu eta lehortu ondoren. Whiskya ekarri behar zenean, hemen ez zegoenez, Oiartzunera joan behar izaten genuen erostera”, dio Pablo Muñozek. Ondorengoa 1963ko prezio zerrenda da:

Ardo beltz botila handia 7 pezeta.
Ardo beltz botila txikia 3,50 pezeta
Ardo zuri botila handia 8 pezeta.
Ardo zuri botila txikia 4 pezeta.
Koñak kopa 2,50 pezeta.
Anis kopa 2,50 pezeta.
Ginebra kopa 3,50 pezeta.
Kafea 2,50 pezeta.
Garagardo berezi botila 5 pezeta.
Topolino garagardo berezi botila 3 pezeta.
Oranguina 3 pezeta.
Kas 3 pezeta.
Coca-cola 3 pezeta.
Esnea 3 pezeta.

Behin lokala erositakoan elkarteak beste dimentsio bat hartu zuen, eta kirol bazkidearen izaera aldatu egin zen. Bazkide gehienak zenbakidunak ziren, eta kirol bazkideak bigarren lerro batera pasa ziren, soilik kirol arlora mugatuz. Araudiaren arabera zuzendaritzan bi kirol bazkide egon behar zuten, eta 1962ko urriaren 30ean Ramon Esnaola eta Antonio Moreno izendatu zituzten horregatik zuzendaritzako kide. 1963ko barne araudian 110 bazkidetara mugatu zen elkartearen bazkide kopurua, eta 1985ean 120ra handitu zen, egoeraren arabera kopuru hori bostean handitu edo murrizteko ahalmenarekin. Harrezkero lau dira elkarteak dituen bazkide motak:

  • • Ohorezko bazkideak: Euren filantropiagatik edo elkarteari emandako zerbitzuagatik nabarmendu direnak, eta batzar orokorraren arabera, izendapen hori merezi izan dutenak
  • • Bazkide zenbakidunak: Egoitza inauguratu aurrekoa denez, hau da elkarteak duen bazkide izate aurrenekoa. 1992ko barne araudiak dio kirol bazkide direla bazkide zenbakidun izan gabe, elkartera afiliatuta daudenak eta eurentzat ezarritako kuota ordaintzen dutenak. Bazkide zenbakidun izan nahi duten kirol bazkideak bazkide hautagai izango dira.
  • • Bazkide erretiratuak: Adinez, 65 urterekin, erretiroa hartu duten bazkide zenbakidunak, elkartean 10 urteko antzinatasuna izanik, eta beraiek horrela nahi izanez gero. Elkarteak beti izan du begirunea erretiratuekiko, eta bazkide erretiratuek ez dute kuotarik ordaintzen. Gogoratu behar da, gainera, 1961ean bazkide ez zirenek egoitzan sartzeko debekua zuten bitartean, herriko erretiratuak sar zitezkeela, beti ere bazkide batek hartzen bazituen.

  • Egoitza sortu zenetik laguntasun leialak, edukazioak eta harmoniak arautu dute lokala, eta 1963ko barne-araudiaren arabera, horren izaeraren aurkakoak ziren ohorearen araudiarekin, edukazioarekin eta fintasunarekin bat ez egitea. Elkartasuna 1992ko estatutuetan agertzen da lehen aldiz elkartearen arauen artean, baina praktikan urte askoz ere lehenago jarri zen. Esate baterako, 1961eko abenduan Aristeo Ruiz bazkideak Matias Naldaiz bazkidearen alde dirua biltzea proposatu zuen, eta oharretarako oholean zerrenda bat jarri zen lagundu nahi zuenak izena eman zezan. Hiru hilabete geroago elkarteko zuzendaritzak bazkide horren heriotza zela eta bere dolumina jaso zuen aktan.

    Kobratzailearen moduan, elkarteak bazuen garai batean gaur egun desagertua dagoen beste postu bat ere, atezainarena. Egoitza sortzearekin bat sortu zen postu hori ere, eta bere eginbeharrak 1961eko estatutuetan zehaztu ziren. Zuzendaritzak izendatzen zuen, eta ontzitegia garbitu (hori zen bazkideak egin behar ez zuen gauza bakarra) eta egoitza garbitu eta arratsaldeko 18:30etarako prest uzteaz arduratzen zen, igandetan guztia goizeko 10:30etarako egin behar zuelarik. Ongailuak prest egoteaz ere arduratzen zen (olioa, gatza, etab.) baita suak ere (18:30etarako neguan eta 20:00etan udan), eta sukaldeko edo berogailuko erregaiaren egoeraren berri eman behar zion zuzendaritzari, falta ez zedin, garaiz.

    Lanegunetan gaueko 22:30ak arte egon behar zuen lanean atezainak, eta lan horren truke 500 pezeta kobratzen zituen hilabetean. Bazkideren batek bere egin beharren artean ez zuen lanen bat eskatzen bazion ordaindu egin behar zion, eta zenbait kopuru ere zehazten dituzte 1961eko estatutuek: mahaia artatzeagatik eta zerbitzatzeagatik eta ontzitegia garbitzeagatik bi pezeta jatera eseri diren pertsona bakoitzeko, eta bost pezeta bazkide baten mandatua egitera egoitzatik kanpora joateagatik. Bazkideren batek produkturen bat behar bazuen, eta elkarteko apaletan ez bazegoen, atezainari jakinarazi behar zion, horrek produktua eskura jarri zezan.

    1961eko Oriamendi Tertzioa auzoko festetan uztailaren 15, 16, 17 eta 18an lan egiteagatik saritu egin zitzaion atezainari, eta urte horretan bertan urte zahar gauean egindako lanagatik, bere emaztea. Garai horretan Antonio Campos zen atezaina, eta horrek 1963ko ekainaren 15ean postua utzi zuenean, aktek ageri dutenez, Lucio Ruiz ‘Canito’ bazkideak hartu zuen lekukoa. Gazteetan futbol jokalari izandakoa, ordura arte zuzendaritzako kidea zen eta bere bizitzan zehar elkartearen alde lan asko egin zuen. Atezainaren postua desagertuta zenean ere, Lucio beti agertu zen edonorentzat plater bat egiteko prest, oso abila baitzen sukaldean, sukaldari ona, garai horretan gizon oso gutxik ez bezala.

    Anselmo Ruiz bere lehengusuak gogoratzen du garai horretan Luciok prestatutako platerak probatzera propio etortzen zela jendea elkartera. Zaletasun eta abilezia horrekin urte askotan hartu zuen parte Lucio Loinatzetan ospatzen den elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketan, eta behin baino gehiagotan jaso zuen saria. Bere bizitza osoan elkartearen alde egin zuen lana errekonozituz, Aitz-Zorrotzek omenaldi bat egin zion 1998ko irailaren 20ean, eta esker onez plaka bat eman zitzaion. 2006ean hil zen Lucio, eta 2007ko urtarrilaren 27an beste omenaldi bat egin zitzaion hil baino denbora gutxi lehenagora arte egin zuen lanagatik.

    Aitz Zorrotzeko bazkideek 2020ko urtarrilean egin zen batzarrean Jose Mari Telleria ohorezko bazkide izendatu zuten urte askoan elkartearen alde egin duen lanagatik. 40 urte baino gehiago egin ditu elkarteko bazkide gisa, eta urte guzti horietan lan handia egin du gazteen artean ehizarako eta arrantzarako zaletasuna sustatzen.

    1976an sartu zen Aitz Zorrotzen Telleria, hainbat lagun jada elkarteko bazkide zirelako. Haieran bazkide federatu gisara sartu zen, eta gero bazkide modura, baina beti izan da zuzendaritzatik gertu elkartearen edozein ekintzatan laguntzeko. Goierriko errekak birpopulatzeko lanetan ibilia da Telleria.

    img_divider