“Aitz-Zorrotz Ehiza eta Arrantza elkartea 1928. urtean sortua da eta 1933. urteko ekainean eman zuen izena Ehiza eta Arrantza Federazioetan. Elkartea sortu zeneko agiriak desagertuta daude”.

Aitz-Zorrotz elkartearen estatutu eta barne-araudi gehienetan errepikatzen den artikulu horrek azaltzen duen bezala, elkartearen sorrera agiriak galdurik daude.

Jakina da, ordea, Aitz-Zorrotzen aitzindari izan zen elkartea 1920ko hamarkadan sortu zela, eta horrela frogatzen dute aipaturiko azalpenek, jasotako testigantzek eta Beasaingo udal-artxiboan gorderik dauden agiriek.

img_divider

2008. urtean Aitz-Zorrotzen 75. urteurrena ospatu den arren, garbi dago horren aurretik bazela Beasainen beste ehiza elkarte bat, “Cazadores de Beasain” (Beasaingo Ehiztariak), eta 1928. urtean hasi zela Goierrin ehiza eta arrantza kudeatzen. “Beasaingo herri honetan sortu da ‘Cazadores de Beasain’ izeneko Ehiza Elkartea, eta horren araudia probintzia honetako Gobernu Zibilaren erregistroan izena emanda dago”, hitz horiekin hasten da 1928ko uztailaren 14ean sinatutako akta bat, non beasaindarrek baimena ematen dioten sortu berri den elkarteari euren lur sailak ehiza eremu babestua izendatu daitezen eskatzeko, eta eremuaren kudeaketa elkartearen gain uzten dute.

Beste garai batzuk ziren horiek, eta Beasaingo erdigunea inguratzen zuten lur sailak oso bestelakoak ziren: baratzeak, belazeak, artasoroak… Gutxik edo inork ez luke gaur esango Beasain ehizan aritzeko leku ona denik, baina, aipatutako baimenetan irakur daitekeenez, orduan etxekoentzako eta kanpokoentzako zegoen zer ehizatu, “bertan geratzen ziren paseko birigarroak eta erbiak”, Aitz-Zorrotzeko bazkide beteranoenek diotenez, eta, hain zuzen, kanpotik etorritakoen abusuaren ondorioz sortu zen elkartea 1928an: “Elkarte honen helburua herri honetan ehiza sustatzea da, eta horren gaineko lege arauak bete eta zaindu araztea. Kontutan harturik ehiza soberan izan dadin beharrezkoa izango dela, ekartzeaz gain, kirol honetan aritzeko arau batzuk jartzea, eta aurreko denboraldi batzuetan, batez ere, kanpotik etorritako ehiztariek eragin dituzten gehiegikeriak saihestea, sortu zen herriko jabetza partikular guztiak ehiza eremu babestua izendatzeko ideia”.

Gogorarazi behar da 1920ko hamarkadaren amaierako gertaera hori herriaren oroimenean gorde dela. Izan ere, bazkide beteranoenek diotenez, Tolosako ehiztari koadrila bat izan zen Beunden (Etxegarate) lur sail bat usoa ehizatzeko bereganatu zuena. Horrek Beasaingo ehiztarien haserrea piztu zuen, eta horri aurre egiteko Beundetik gertu dagoen beste lur sail bat bereganatu zuten eurek, Aitz-Zorrotz izenekoa, euren tiroekin usoak uxatu eta leku onenak bereganatu zituenei ehizan ez uzteko. Azkenean, ehizan aritzeko ezintasun horren aurrean, tolosarrek lauzpabost postu beasaindarren esku uztea beste aukerarik ez zuten izan, eta harrezkero Aitz-Zorrotz izena Beasaini lotu zaio, eta izen hori duen lur saila, errentan hartua, elkarteari, nahiz eta Errepublikaren garaipenak 1931ko hauteskundeetan coto guztiak bertan behera utzi zituen. Bazkide zaharrenek gogoratzen dutenez, ehiztari horien artean zeuden, besteak beste, Zufiaurre anaiak, Jose eta Jesus Argiñano, Felipe Bueno, Rafael Polo, Ruiz ‘Makinetxe’ eta Luis Azpeitia. Izen horiek, gero, jasota dagoen elkartearen lehen zuzendaritzan agertuko dira, ondoren ikusiko den bezala.

1928ko baimenak lur sailen jabeek sinatu zituzten, eta uztailaren 14ean idatzitakoan, hain zuzen, Luis Larraurik, Luis de Zabalak, Pedro Jose Esnaolak eta Santiago Otegik sinatu zuten lehen orrian, herriko korporazioaren presidente zenarekin batera, Pedro Arana. Lehen orri horrek hainbat orrietan du jarraipena eta lur sailen jabeen izenak irakur daitezke. Gauza bera egin zuten bi egun lehenago Astigarretako bizilagunek, artean herri independentea, hurrengo urtean lotu baitzitzaion Beasaini. “Sinatzen dugunok, Astigarreta herriko jabe eta bizilagunak, jakinik Beasainen ‘Cazadores de Beasain’ Ehiza elkartea sortu dela, probintzi honetako Gobernu Zibilaren Erregistroan izena emana (…)”.

Aktibitate hori izan arren, Aitz-Zorrotz elkartearen estatutuen eta barne-araudiaren arabera, bost urte geroago eman zuen izena “Cazadores de Beasain” elkarteak Ehiza eta Arrantza Federazioetan, eta data hori da, hain zuzen, 75. urteurren honetan ospatzen dena. Beasaingo lur sailak babesteaz gain, udal-artxiboan gorderik dago nola 1934ean usakume lehiaketa jokatu zen “herriko festen aitzakian”, eta udalak 300 pezetako diru-laguntza eman zuen “Usakume Tiratzearen Antolaketa Batzordearen Presidente Jaunaren izenean”. Lehiaketa hori, plater tiratzearekin batera, tradizio handiko ekitaldia bihurtu zen gero herriko festetan, eta hurrengo urteetan errepikatu egin zen.

Beasaingo lur sailak babesteko baimenez gain, ez dago “Cazadores de Beasain” elkartearen sorrera agirik gordeta, ezta 1933. urtean Ehiza eta Arrantza Federazioetan izena eman zuenekorik. 1940. urtera arte ez zen sortu indarrez Espainiako Errege Ehiza Federazioa, eta urte horren aurreko dokumentazioa galdu zen. 1929. urtean ospatu ziren batzarren berri badago, baita horietan parte hartu zuten Euskal Herriko ehiza elkarteen izenak eta ehiztarientzat lortutako laguntzak (besteak beste, ferrokarrilean bidaiatzeko ehiztari eta euren txakurrentzako beherapenak), baina ez 1933. urteari dagokion ezer. Izen horien artean, ordea, ez da ageri “Cazadores de Beasain”, ezta Beasaingo beste ehiza elkarterik.


1935eko martxoan El Diario Vasco egunkariko korrespontsalak Beasainen sortu zen Ehiza eta Arrantza Elkartearen berri eman zuen bere kronikan: “Elkarte berria herriko 43 bazkideekin sortu da, eta kopuru hori inguruko herrietako bazkideen sarrerarekin bikoiztea espero da, hala nola, Zegama, Segura, Idiazabal, Ormaiztegi, Olaberria eta beste batzuk”. Zuzendaritza ondorengoek osatu zuten: Felipe Bueno presidente, Eugenio Etura presidenteorde, Jose Sarasola idazkari, Antonio Uribe diruzain, eta Runo Sarasola, Casto Lizarbide, Andres Arregi, Jose Iraola eta Angel Zufiaurre bokal. Ondoren egun horretako kronika osorik jasotzen da, duen interesagatik:

  “Beasainen. Ehiza eta Arrantza Elkartea. Elkarte berria herriko 43 bazkideekin osatu da eta kopuru hori inguruko herrietako bazkideen sarrerarekin bikoiztea espero da, hala nola, Zegama, Segura, Idiazabal, Ormaiztegi, Olaberria eta beste batzuk.
  Pasa den larunbatean egin zen bileran bazkide guztiak izan ziren eta bertan izan zen giroagatik, erakunde berriak luze iraungo duela ondorioztatzen da, eta bere lanak nahi diren emaitza guztiak emango dituela. Bozketa bidez, ondorengo Zuzendaritza osatu zen:

Presidente, on Felipe Bueno.

Presidenteorde, on Eugenio Etura.

Idazkari, on José Sarasola.

Diruzain, on Antonio Uribe.

Bokalak, on Runo Sarasola, on Casto Lizarbide, on Andrés Arregui, on José Iraola eta on Ángel Zufiaurre.

Hartutako erabakien artean ondorengoak daude: gure herriko festa nagusietan, usakume tiratze handia antolatzea, baita plater tiratzea, bazkideentzako ahalik eta gastu txikienarekin. Eperrak, erbiak eta untxiak hazteko lur sail handiak babes-esparru izendatzeko kudeaketa egitea ere adostu zen. Elkartean oraindik sartu ez diren herriko zaleei eta Zuzendaritzak ezarriko duen egunaren ondoren eskatzen dutenei, sarrera kuota bat ezartzeko baimena eman zitzaion Zuzendaritzari. Aurrezki Kutxa bat sortzea, galeper eta eper garaian ehiza hori ugaria den kanpoko lurraldetara joan nahi duten ehiztarientzako irteerak antolatu ahal izateko, horientzako ahalik eta gastu txikienarekin; horretarako autobusak hartuko dira errentan, bazkide xumeenei lurralde ezezagun horietara iristea erraztuz, non euren kirol maitatuena gozotasun handiagorekin dastatu ahal izango dute, eta ehiza ugari jaso.

Zuzendaritzak, eskura dituen baliabide guztiekin, ehiza debekua errespetaraziko dute, eta debeku hori hausten dutenak gogor zigortuko ditu, salaketak egiteaz arduratuz.
Amuarrain kumeak hasteko ur biltegi baten eraikuntza kudeatzea ere adostu zen, behar den garaian gure errekak berriro populatzeko helburuarekin.
Zuzendaritzak dei egiten die orain arte edozer gauzagatik elkartean sartu ez diren zaletuei, eta lehenbailehen egin dezatela gonbidatzen ditu, epe baten ondoren ezarriko duen ordainketa ordaindu behar izan ez dezaten.
Elkarte berriak probintziako, lurraldeko eta Espainiako beste lurraldeetako zaletuak agurtzen ditu, eta gure kirol maitatuenen defentsan elkarrekin aritzeko eskua luzatzen du. Korrespontsala”.

Elkarteak gorderik duen lehen dokumentuak kronika horren datarekin bat egiten du, urteen joan-etorriari aurre egin dioten agirien artean, kontuak jasotzeko liburu bat baitago; 1935eko apirilean hasi zuten idazten eta 1953. urtean amaitu zuten, tartean Gerra Zibilak utzitako hutsunea dagoelarik, 1936ko ekainetik 1946ko urrira. Kontu-liburu horrek ageri duenez, elkartea oso dinamikoa zen jada gerra hasi aurretik, eta kuotetan jasotako 49 pezetako diru-sarrera batekin hasten da, gehi Jose Albisuk egindako 25 pezetako emari batekin. Guztira 74 pezetarekin hasten da liburua. Gastuen atalean “sellos tinbre reglamento para su aprobacion” izenarekin 7 pezeta jaso ziren, eta 7,30 “sello caucho con inscripcion sociedad”. Guztira 39,60 pezetako irabaziekin hasi zuen elkarteak ibilbidea.

1935 eta 1936 urteetan plater tiratzeak jokatu ziren, baina elkarteak ordura arte zuen dinamika Errepublikaren aurkako altxamenduak eta ondorengo Gerra Zibilak eten zuen. Kontu-liburuak hamar urteko hutsunea du, gerra eta gerra-ondorenak sortua, horiek eguneroko bizitzako arlo guztiak aldatu baitzituzten. Hutsune hori egon arren, ordea, kontu-liburuak frogatzen du aurretik eta ondoren sortu ziren elkartea berbera zirela, eta ez bat bestearen ondorengoa.


Hamar urte pasatu behar izan zuten Aitz-Zorrotzek bere aktibitatea berreskuratu zezan. 1946ko irailaren 20ko aktak Ehiza eta Arrantza elkartea berriro sortzen du, Aguirre tabernan duelarik egoitza, eta ondorengo zuzendaritzarekin. Carlos Poignon presidente, Vicente Ruiz Lahidalga presidentordea, Angel Aiestaran Irastortza idazkari, Elias Aranburu Agirre diruzain, eta Jose Sarasola Mugika, Jose Argiñano Arza, Pedro Rubio Alkorta, Juan Jose Urteaga Urteaga eta Victorio Arrieta Larrañaga bokalak. Deialdia Beasaingo ehiztarien eta arrantzaleen artean egin zuten, eta presidentea irailaren 29an izendatu zuen Arrantza Federazioaren ordezkari Agustin de Castrok, Guardia Zibilaren kuarteleko komandantea ere bertan zegoela.

Elkartea berriro sortu eta bederatzi egunetara, Aitz-Zorrotz lur saila berriro errentan hartzeko erabakia hartu zuen zuzendaritzak. 1946ko irailaren 29ko aktak horrela dio: “Etxegarateko Haizpeko barrutiaren egoeraren berri ematen da, eta usoa ehizatzeko lur sailen mugak bistan, Aitz-Zorrotz mendia errentan hartzea adosten da, aipatutako Haizperen aurrean dagoena”. Lur saila 1946tik 1953ra izan zuen errentan elkarteak, eta zazpi urte horiek nahikoak izan ziren aurrerantzean Aitz-Zorrotz Ehiza eta Arrantza Elkartea izena izan zezan; lehen aldiz 1961. urteko barne araudian agertzen da izen hori agirietan.

Gorderik daude lehen estatutuak 1946. urtekoak dira, elkartea berriro sortu zenekoak, eta helburuak lehen artikuluan jaso zituzten.

Legearen barruan, probintzia osoan ehiza eta arrantza sustatzea.
Legeak eskaintzen dituen baliabide guztiekin, legeak emandako eskubideak defendatzea, bai legeak baita eskubideak hausten dituztenak salatuz.
Birpopulaketak egiteko eta arauak hausten dituztenak salatzen dituztenentzat dirua biltzea.
Botere Publikoengandik mugan dauden lurraldeetan onartzen den paseko hegaztiak ehizatzeko baimenak lortzea eta probintziaren klima eta topografiara egokitzen diren beste batzuk, baita tren konpainiekin txakurren garraioari dagokion ordainketaren murriztea negoziatzea

1947. urtean gerra hasi aurretik elkarteak zuen aktibitatea berreskuratu zuen, eta “ehizarekiko dagoen zaletasuna aintzat harturik” ohiko plater tiratzea antolatu zuen herriko jaietan: probintziala maiatzaren 18an goizeko hamarrak eta erdietan, 19an herri mailakoa arratsaldeko lauak eta erdietan, eta bazkideentzat, “denbora-pasa”, 20ean. 1947ko ekainaren 19an Carlos Poignonek dimisioa aurkeztu zuen, eta bere lekukoa Vicente Ruizek hartu zuen 1952. urtera arte. Presidentearekin batera egun berean Angel Aiestaranek eta Victorio Arrietak utzi zituzten idazkari eta bokal karguak. Zuzendaritza Jose Argiñanok osatu zuen presidenteordetzan, Jose Antonio Beltranek idazkaritzan, eta Conrado Valdiviesok, Eugenio Aranburuk eta Lorenzo Zuriberrik bokal postuetan.

Elkartearen hurrengo estatutua 1947. urtekoa da. Zoritxarrez ez da gorde, baina elkarteak gaur egun duen egoitza erosi zuenean aipamena egiten dio. Notarioak 1947an onartu ziren estatutuak egiaztatzen ditu. Salerosketa agiriek hiru artikulu bakarrik aipatzen ditu, eta hiruek elkartea kirol arlokoa dela eta irabazi asmorik gabekoa nabarmentzen dute.


1960. urtean Aitz-Zorrotzek bultzada berri bat hartu zuen gaur egungo egoitzaren lokala erosi zuenean. Ehiza eta arrantza kudeatzen zituen kirol elkarte bat soilik izatetik, bazkide ehiztariak eta arrantzaleak giro jatorrean tertulian aritzeko leku bilakatu zen, mus, tute eta domino partida artean, euren esperientziak trukatuz eta hurrengo irteerak antolatuz. Beste elkarte batzuen araudiak aztertu zituen batzorde bat izendatu zen, eta lokalak ondo funtzionatu zezan arauak idatzi ziren. Egoitzaren inaugurazioaren ondorengo lehen estatutik politikarik gabekoa aitortu zuen bere burua elkarteak, eta egoitzan bilera politikoak edo erlijiosoak debekatu zituen.

1961eko estatutu horrek laguntasun leialaren, edukazioaren, armonia onaren eta fintasunaren arauen pean sortu zuen elkartea. 1985ean arau horiek berretsi egin ziren barne araudian, eta horiei errespetuarena gehitu. Zazpi urte geroago, 1992an, egoitzaren oinarrietan elkarteak justua, humanoa eta solidarioa izan behar duela gaineratu zuten, eta laguntasun leialaren, errespetuaren, edukazioaren eta armonia onaren arauak berretsi zituen: “Beste edozein asmo ohorearen arauen kontrakotzat hartuko dira. Egoitza soziala poztasuna ageri daiteken aisialdirako lekua da, dantzatu, antzeztu, eta abar egin daiteke, baina beti inor gogaitu gabe”.

img_divider