img_divider

Ehiza eta arrantza elkarte bat izanik, ingurumenaren babesa izan da Aitz-Zorrotzen ardura eta kezka handienetako bat elkartea sortu zenetik. Ehiza eta arrantza debekuen zaindari izan da hamarkada guzti hauetan, eta erreken kutsadura salatu duen agente aktiboenetako bat; gaur egun ere, hegaztiei eraztunak ipintzen eta arrainen ikerketak egiten jarraitzen. Asko aldatu dira Beasaingo mendi eta errekak, elkartea 1930eko hamarkadaren hasieran geroz eta gehiago maskaltzen ari zen habitata zaintzen hasi zenetik, batez ere eskualdeko industria jardueraren eraginez, eta nekazal gizartea gizarte urbanoa bihurtzearen eraginez.

Zereal, gari eta arto soroen desagertzeak horietan elikagaia eta babesa aurkitzen zuten zenbait espezien desagertzea ekarri zuen Beasain eta inguruetan. “Paseko ehiza izaten zen, birigarroak eta, inguru hauetan geratzen baitzen asko, Zunzunegin, Altamiran,Olaberrian, Idiazabalen… Arbi artean gordetzen ziren”, gogoratzen du Justo Gutierrez bazkide beteranoak. Gutxi egin ahal izan da maskaltze hori ekiditeko, nahiz eta Aitz-Zorrotz hegaztien birpopulaketan ikur izan den behin eta berriz espezie horiek sartzen saiatuz. Era berean, erreketako kutsadurak hain berezkoak ziren hainbat espeziekin akabatu du XX. mendean, karramarroa kasu, eta garai batean hain ugaria zen amuarraina bezalako espezieekin ia akabatu du. Anselmo Ruiz bazkide beteranoak oroitzen duenez orain dela 70 urte karramarroak eta amuarrainak oso ugariak ziren, eta berak eta bere lehengusuek, Orian edo Agauntzan baino gehiago, Eztanda hartzen zituztela gogoratzen du. Gutierrezek, berriz, Lizarrusti, Arbizu eta Etxarri-Aranatzen karramarro asko zegoela dio. .

Gerra Zibilaren aurretik eta ondoren, kontzientzia ekologikoa legea betetzearekin zegoen lotuta, 1946ko Aitz-Zorrotz berriro sortu eta kirol jarduerei berriro ekin ziotenek estatutuetan jaso zuten moduan. Egia da, ordea, elkarteak sortu zenetik agertu duela birpopulatzeko eta ehizako eta arrantzako espezieak gordetzeko interesa. Horrela ageri du 1935eko martxoaren El Diario Vascoren kronikak, zeinaren arabera zuzendaritzak salaketak kudeatzeko eta zigorrak jartzeko ardura hartu zuen, debekuak errespetarazteko. Ingurumena zaintzeko kontzientzia, lehen aipatu bezala, 1946ko estatutuen lehen artikuluan ere ikus daiteke:

  Probintzia osoan legea errespetatuz ehiza eta arrantza sustatu.
Gerra Zibilaren aurretik eta ondoren, kontzientzia ekologikoa legea betetzearekin zegoen lotuta, 1946ko Aitz-Zorrotz berriro sortu eta kirol jarduerei berriro ekin ziotenek estatutuetan jaso zuten moduan. Egia da, ordea, elkarteak sortu zenetik agertu duela birpopulatzeko eta ehizako eta arrantzako espezieak gordetzeko interesa. Horrela ageri du 1935eko martxoaren El Diario Vascoren kronikak, zeinaren arabera zuzendaritzak salaketak kudeatzeko eta zigorrak jartzeko ardura hartu zuen, debekuak errespetarazteko. Ingurumena zaintzeko kontzientzia, lehen aipatu bezala, 1946ko estatutuen lehen artikuluan ere ikus daiteke.
Birpopulatzeko eta legea hausten duena salatzen duena saritzeko dirua bildu

1948ko maiatzaren 30eko aktan ehiza birpopulaketa elkartea gehien kezkatzen zuten gaietako bat zela jaso zuen zuzendaritzak. Kezka horrek isla izan zuen gero urte horretan bertan Beasaingo jaietan jokatu zen plater tiratzearen ondoren tiro eremua garbitzeko 20 pezeta zuzendu zituztenean. Elkartea, ordea, ez zen mugatu soilik tiro eremua garbitzera, eta Zumarragako eta Legazpiko elkarteetako ordezkariekin batera, zuzendaritza Legazpira joan zen Patricio Etxeberria enpresariari inguruko mendiak birpopulatzeko untxi, erbi eta eper eske. Bidaiak ez zuen espero ziren emaitza eman, aktetan zehazten denez “untxi kopuru txiki bat” eman baitzizkien, eta horiek “Maleza” izeneko mendian askatu zituzten, bikote bat Lazkaon askatzeko gordez. Hurrengo urtera begira, birpopulatzeko ehiza lortzeko kudeaketak areagotzea erabaki zuen zuzendaritzak.

Kezka ez zen ehizara mugatzen, erreketako egoerak ere zer pentsatu ematen baitzuen Aitz-Zorrotzen. Rafael Diez bazkide beteranoak gogoratzen du Frantziatik milaka arrautza ekartzen zituztela, tren-konpainiako langile baten bidez. “Kaxak alanbre batzuekin eusten genituen, eta euririk egiten ez zuenean arrainkumeak ateratzeko zituzten zulotxoetatik lokatza kentzera joaten ginen”, oroitzen du Justo Gutierrezek. Inon ez dago jasota, ordea, zeintzuk ziren garai horretan birpopulatzen ziren errekak, nahiz eta 1953ko urtarrilaren 30ean elkarteak Arrain-hazkuntza Zerbitzuari birpopulatu beharreko erreken zerrenda bat bidaltzekotan geratu zen. 1952ko martxoaren 31n bazkideek Gipuzkoako Arrantza Zerbitzuak hainbat amuarrain-kume emateko egindako eskaera onartu zuen, eta Ordiziako elkartekoekin batera, gastuak murriztearren, “Aguinaga-Oriora” joatekotan geratu ziren. Jose Sarasola Aitz-Zorrotzeko zuzendari ohiak bere furgoneta doan eskaini zuen horretarako, eta arrainkumeak “inguruko hiru erreketan” bota zituzten. Nabarmendu behar da, bidai hori dela eta, gero Beasain eta Ordiziako elkarteen artean ika-mika bat izan zela, gastuak ordaintzeko garaian. Elkarte bakoitzak ordaindu beharrezkoa 150,50 pezeta ziren, baina ordiziarrek faktura horretan Ordiziatik Beasaina taxiz egindako bidaiaren gastua ere sartu nahi zuten, 80 pezeta guztira, 1952ko urtarrilaren 31ko aktaren arabera. Aitz-Zorrotzek ez zuen gastu hori onartu, bidai hori handikeriaz eta beharrik gabe egin zutela argudiatuz, “zuzendaritza honen zuhurtasunarekin kontraesanean”.

Badago, ordea, 1961eko urrian elkarteak Arriaran errekan askatu zituen 50.000 arrautzen berri, “jasotzen den lekutik Eztanda errekan amaitzen den arte, eta Eztanda errekan puntu horretatik Orian amaitzen den arte”. Garai horretan Aitz-Zorrotzek bat egin zuen Tolosako Arrantzaleak elkarteak legez kanpoko arrantzaren aurka egin zuen kanpainarekin. Ohikoa ez izan arren, legez kanpo aritu direnak beti izan dira, bai arrantzan baita ehizan ere, eta Aitz-Zorrotzek sortu zenetik hartu zuen horiei jazartzeko konpromisoa. 1961eko abuztuko aktak jaso zuenez, Ormaiztegiko bazkide bat “ehizan arauz kanpo” aritzeagatik zigortu zuten, eta lau urte geroago Francisco Etxeberria bazkideak 500 pezeta eman zituen ohiko batzarrean, erbiak debeku garaian harrapatzen zuen norbait salatzen zuenari emateko..

Legez kanpo aritu direnekin zorrotza izan da elkartea, bai egoitza kanpoko jokabideekin baita barrukoekin ere. Errekak erretzeagatik, egokiak ez diren moduekin arrantzan aritzeagatik, debeku garaian ehizatu edo arrantza egiteagatik edo habiak hartu edo izorratzeagatik zigortzen zuten bazkidea elkartetik botatzea erabaki zen 1985eko barne-araudian. Era berean, debekatu egin zuten harrapatzeko tamainaz txikiak ziren espezieak egoitzaren barrura sartzea (amuarrainak, karramarroak, etab.) eta zer esanik ez horiek elkartearen sukaldean prestatzea. Arau hori hausten zuena salatu egin behar zela dio barne-araudiak, eta elkarteko zuzendaritzak bazkidea elkartetik botatzeko eskubidea hartzen zuen arrazoi horregatik.

Zigortu eta salatzeaz gain, elkarteak hainbatetan hartu du parte inguruetako zaintza lanetan. 1950eko hamarkadaren hasieran Aitz-Zorrotzek eta Zumarragako elkarteak guardia baten gastua elkar banatzen zuten. 1952ko martxoaren 31n, ordea, kolaborazio hori bertan behera uztea erabaki zuen elkarteak, “inguruan jarri diren zaintza zerbitzuak Zumarragako Guardiaren presentzia baino eraginkorragoa delako, eta elkartea ez dagoelako gastu horiei aurre egiteko moduan”. Ez dago gastua zenbatekoa zen jasota, baina 1953ko urrian Ordiziako basozain batek inguruetan ehiza eta arrantza zaintzeko eskaini zuen bere burua, hilean 300 pezeta kobratuz.

Guardiaren lanak berezkoak ziren, eta 1964ko uztailaren 4ko batzarrean bazkide bat kexatu egin zen Lazkaoko erreka pozonduta egoten zela, Salbatorekoa egoten zen bezala, eta beste guardia batzuk jartzeko eskatu zuen. Presidenteak orduan elkarte guztien artean guardia bat kontratatzea komenigarria zela esan zuen. 1965ean Aitz-Zorrotzek lau guardia izendatu zituen inguruak zaintzeko, eta Rafael Diezek gogoratzen duenez Felipe Zubia, Pedro Lopez, Guillermo Torres eta Julian Ruiz bazkideak ziren; urte horretan bertan egin zuten lanagatik elkarteak ordaindu eta txalotu egin zituen abuztuan. “Orduan ehiza eta arrantza gehiago zegoen eta horregatik zaindu behar ziren inguruak. Pedro Lopez Larriongoa zen, eta bera zen momentu horretan hemen zegoen arrantzalerik onena, dio Pablo Muñoz bazkideak. Bera presidente zela, gainera, Latasan 230 eta 250 amuarrain bitartean erosi eta Primi, Goyo, Morales eta beste batzuekin batera Amebi baserriaren eta Ataungo San Martinen artean bota zituztela ere gogoratzen du.

Legez kanpo aritzen zirenak zaintzeaz gain, Aitz-Zorrotzek lan asko egin du lehen hain ohikoak ziren erreketako isurketak salatzen. “Gogoan du behin, ni ume nintzela, 1944 urte inguruan, Zegaman lixiba isurketa bat egin zutela eta Orian sekulako sarraskia egin zutela; han agertu ziren amuarrain eta barbo guztiak hilda”, dio Justo Gutierrezek. Aitz-Zorrotzek horrelakoetan erreketatik lagin batzuk hartu eta inspekzio bat egiten zen, ICONAk hain zuzen ere. “Lan asko egin zen garai horretan, eta ausardia behar zen horretarako, salatzeagatik gaizki bukatu baitzenezakeen”.

Arrain-haztegi bat egiteko asmoa betidanik izan du Aitz-Zorrotzek. El Diario Vasco egunkariaren 1935eko kronikaren arabera, urte horretan bertan amuarrain-kumeak hazteko urtegi bat egiteko lan egitea erabaki zen, horretarako garai egoki iristen denean errekak birpopulatzeko. Proiektua ez zen gauzatu, eta 1964ean CAFek Zaldibian zuen urtegian arrain-haztegi bat egiteko asmoa berriro sortu zen. Urte batzuk geroago, Jose Mari Telleria bazkidearen bitartez elkartea aritu zen Loinazko San Martin baselizaren inguruan arrain-haztegia nola egin zitekeen begiratzen, baina orduko horretan ere ez zen posible izan.

Arrain-haztegia bete gabeko ametsa izan da Aitz-Zorrotzentzat urte guzti hauetan, Arrain-haztegi Zerbitzuak lehen eta Gipuzkoako Diputazioak orain ez dutelako baimenik eman. Gipuzkoa bi arrain-haztegi daude orain, amuarrainena Tolosan, eta izokinena Irunen, eta itxuraz besterik ez da eraikiko, modu horretan Diputazioak hobeto kontrolatu dezakeelako birpopulaketa. “Birpopulaketaren gaiari Diputazioak ez dio behar den bezala aurre egiten, eta horrela daude errekak dauden moduan. Ataunen amuarrainei arrautzak kendu eta beste laku batetan ezartzea pentsatu genuen, amuarrain-kumeak jaiotzen ziren arten, ondoren errekara itzultzeko, baina asmo asko badaude ere gero ez da ezer egiten horiek aurrera ateratzeko”.

Gipuzkoako industria jarduerak gehien kaltetu duen ibaietako bat Oria izan da historikoki, eta gaur egun ere Deba arroaren ondoren, Oriarena da egoera txarrenean dagoena. Gipuzkoako beste ibai batzuk bezala, ordea, ari da pixkanaka uraren kalitatea hobetzen, eta horri esker gaur egun ahateak eta beste espezie batzuk ere ikus daitezke Oriaren uretan Beasainen. Loinak, ezkailuak eta barbo txikiak ibaian kolektoreak jarri zituztenean sartu ziren Beasainen, eta gaur egun populazio handia dute, batez ere barboak. Gipuzkoako ibai gehienetan gertatu da hori, eta lehen existitzen ez zen lekuetara iritsi da.

Oraindik, ordea, egiteko asko dago amuarraina Beasainen Oriara itzul dadin, inoiz egiten badu. Zoritxarrez esan beharra dago Oriak duen tarterik txarrena Beasaingoa dela, hortik gora jaiolekura arte eta hortik behera itsasoratzen den arte egon badago eta amuarraina. Gipuzkoan arrantzan espezie garrantzitsuena eta preziatuena izatez gain, fario amuarraina (ohikoa, bertakoa) oso berezia da eta biziko den errekako urak oso egoera onenean egon behar du, kalitateko urarekin eta ur askorekin. Gipuzkoa osoan amuarrain kopurua jaisten ari dela ikusi ahal izan du Diputazioak, eta azken hiru urteetan arrautza eta amuarrain-kumeen kopurua oso txikia dela.

Jose Mari Telleria bazkideak hogei urte baino gehiago darama, elkarteko arrantza ordezkari gisara, Beasaingo eta Goierriko errekak aztertzen eta espezieak zaintzen, eta bere arabera datorren urtean egoera okerragoa izango da, amuarraina gure erreketatik ia desagertuko delarik: “Lehen egoera txarrean zeuden ibaiak egoera onean jarri ditugun bitartean, lehen egoera bikainean zeuden errekak okerrera ari dira egiten, berotzen ari dira eta kutsatzen ari dira. Orain arte ez da amuarrainik falta izan zenbait errekatan, Ataunen Agauntzan kasu, baina adierazleek erakusten dute amuarrainak aurten ez duela kumerik egin, eta aurtengoarekin hiru urte dira jarraian hori gertatzen dela. Orain dela lau urte 100 metroko tartean 1.200 amuarrain-kume ateratzen genituen, baina orain dela hiru jada 200era jaitsi zen kopurua. Amuarrainaren egoera okertzen ari da urtetik urtera. Gipuzkoa osoan errepikatzen ari den egoera bat da, eta amuarrain-kumerik gabe datorren urtean jada ez da amuarrainik egongo errekatan”.. .

Itxura denez, ur eskasiak eta ibaien berotzeak eragin dute amuarrain kopuruaren txikitzean, eta horrekin batera ibai ondoen urbanizazioak eta mini zentral elektrikoek ere izan dute eraginik. Negua eta udaberriak lehen baino lehorragoak dira gaur egun, eta ondorioz erreka eta ibaietako ura gutxitu egin da; ur eskasia hori mini zentral elektrikoek areagotu dute, erreka eta tarte salmonikolen egoera eskastuz. Gainera, zenbait espezie ez daude tenperatura beroagoetan ugaltzeko prest, eta ezintasun horrek ere izan dezake eraginik amuarrainaren eskasian.

Telleriak dio amuarrain-kumeen kopuruan azken hiru urteetan egon den jaitsiera seinale oso txarra dela. Gogoan du Matxinbentan errekan gora nola igotzen ziren garai batean amuarrainak, “izokinak balira bezala”, Ibai-Eder urtegia eraiki zenean. Horren moduko paisaiak desagertu egingo dira amuarrainaren egoera aldatzen ez bada, eta amuarrainarekin batera arrantzalearenak ere egingo du. Diputazioa 1994tik ari da amuarrain populazioaren neurketak egiten, eta tartean urte on bat izaten den arren, orokorrean bilakaera beherakoa da. Egoera horretan Nafarroako Gobernuak erabaki erabatekoak hartu ditu, eta aurten foru erkidegoaren iparraldeko arroetan arrantza debekatuta egon da; litekeena da, gainera, hurrengo urtean ere debekua mantentzea.

Egoera horren aurrean, Gipuzkoako Diputazioak heriotzarik gabeko arrantzaren alde egiten du, batez ere fario amuarraina eta Gipuzkoako erreketako beste espezie berezko berreskuratzeko. Izan ere, orain arte birpopulatzen egin den lana alferrikakoa izan da, Frantziatik ekartzen zen ortzadar amuarrainak bertakoa baztertu baitu, eta ez du lagundu amuarrain kopurua handitzea, hemengo errekatan ez baita ugaltzen. Ortzadar amuarraina ekarri zen pentsatuz modu horretan bertakoak jasaten zuen presioa murriztu egingo zela, arrantzaleei amuarrain gehiago eta erreka gehiagotan emanez, baina efektua kontrakoa izan da: “Donostiako Paseo Berrian jasotzen genituen guk amuarrain-kumeak eta errekan askatzen genituen ondo ari ginelakoan, baina ez zen horrela, amuarrain-kume hori gero ez zelako ugaltzen, eta bertakoa, erreka hauetan ondo ugaltzen dena, baztertu egiten zuelako”, dio Telleriak. Horren ondorioz, Tolosan, esate baterako, birpopulaketa lan handia egin ondoren, amuarrain kopuruaren murriztea aztertu zutenean konturatu ziren fario amuarrainik apenas zegoela ibaian..

Telleriak urte asko daramatza Goierriko errekak birpopulatzen, batez ere Agauntza eta Zaldibiakoa, baina une honetan Diputazioak lan guztiak bertan behera utzi ditu, ea modu horretan fario amuarrainak bere lekua berreskuratu eta ugaltzen den ikusteko: “Inoiz ez dugu amuarrainaren hain egoera kaskarrik ikusi”. Horregatik, une hau bereziki delikatua da, amuarraina orain ugaltzen ez bada, agian etorkizunean ez duelako egiterik izango, fario amuarrainarekin birpopulatzeak diru gastu handia eskatzen duelako, eta une honetan bidera ezina da horrelako proiektu bat aurrera ateratzea. Aitz-Zorrotz Diputazioarekin eta Federazioarekin egiten diren bileratan ari da parte-hartzen, arazo horri konponbide bat aurkitzeko, eta gauzak dauden bezala zaila dirudien arren, Telleriak irtenbide bat aurkitzea beharrezkoa del adio, lehenbailehen: “Errekak oso gaizki daude”.

Geroz eta gehiago dira heriotzarik gabeko arrantza derrigortuta dauden erreka tarteak eta arrantza debekuak Gipuzkoan, Diputazioak horien alde egin baitu. Aitz-Zorrotz elkartea saiatzen da arrantzaleei azaltzen modalitate horrek une honetan dituen onura eta abantailak. “Jendea hasi da egoeraz jabetzen”, baieztatzen du Telleriak. Arrantzarako teknika eta materialen garapenak erraztu egin du arrantza, eta gaur egun uretara sartzean apenas egiten dute hotsik kanaberek. Diputazioaren apustuarekin bat, Gipuzkoan daude bi arrantza barrutietatik bi Aitz-Zorrotzek kudeatzen ditu, Arriaran eta Lareo, eta Diputazioarekin batera Aitz-Zorrotzek ematen ditu bi barruti horietan arrantza egiteko baimenak, 15 Lareorako eta 25 Arriaranerako. Aldi berean, bi barruti horien zaintza ere elkartearen esku dago..

Elkarteak gaur egun ez du bere guardarik, eta zaintza lanak bere mugak ditu. Zuzendaritzak ezer gutxi egin dezake inor legez kanpo egon ez dadin, baina guardia deitu dezake, eta helburu horrekin egiten dituzte bazkideek zenbait itzuli inguru horietan. “Normalean beti botatzen ditugu barrutietara gutxieneko tamainaren gainetik daude amuarrainak, baina beti dago etxera eraman ezin dena eraman nahi duen norbait”, azaltzen du Telleriak. Gainera, denboraldi hasieran eta bukaeran Aitz-Zorrotzen barruti horiek eta inguruak garbitzen ditu, nahiz eta arrantzaleen jokabidea normalean zuzena izaten den.

Birpopulatze lanak ez dira errazak behin ingurumenaren oreka galtzen denean, eta horregatik da garrantzitsua egoerari buelta ematea. Horren adibide da Leitzaranen ubarroiekin eta lertxunarekin gertatzen ari dena. Bi espezie horiek babestuta daude, baina Lasarte inguruan bizi diren batzuk sekulako kaltea ari zaizkio egiten amuarrainari, Oria ibaian gora egin eta birpopulatzeko jarritako arrautzak jaten baitituzte. Babes-neurrien eraginez bi espezie horiek Goierrira iritsi dira eta Leitzaranen gertatzen ari dena ikusita zenbait ubarroi botatzeko baimena eskatzea ari da aztertzen, lertxuna Europako Batasunak babesten duenez, horrekin zer egiterik ez dagoelako.

Antzeko zerbait gertatzen da mendian azeriarekin. Asko ugaldu da eta une honetan beste espezie batzuk birpopulatzeko saioak kaltetzen ari da. Usurbe inguruan orain dela urte batzuk Aitz-Zorrotzek faisaia birpopulatzeko oilategi moduko batzuk jarri zituen, sareekin eta artzain elektrikoarekin babestuta. Hainbat egunez egunero hogei faisai askatu zituen, eta guztira 2.000 izan ziren askatutakoak. Denborak aurrera egin ahala, ordea, azeriaren eraginez saio guztiak alferrikakoak izan ziren, soilik faisai gutxi batzuk biziraun zutelako azerian artean. Azeriak eragiten zituen kalteak ekiditeko, inguruko bi mendietan hainbat lazo jarri ziren harraparia harrapatzeko, eta egun bakar batean mendi horietako batean hamalau azeri gertu ziren harrapaturik. Esperientzia horren ondotik, faisaia utzi eta erbia birpopulatzeari ekin zioten, eta horrekin emaitza bestelakoa izan da.

Diputazioaren laguntzarekin, orain dela urte batzuk Aitz-Zorrotzek Aralar erbiekin birpopulatu zuen, eta orain da espezie hori ikus daiteke mendian, eta garai batean egiten zen moduan ehizatu, nahiz eta ez garai batean egiten zen kopuruan. Justo Gutierrezek gogoratzen du Beasainen aspaldi bazirela erbietan aritzen ziren hiru koadrila, eta Alkartasuna Lizeoaren inguruan ere izaten zela erbia. Gaur egun Goierri ez da, ordea, ehizan aritzeko lekurik aproposena, eta arrantzarekin gertatzen den moduan, ehiza ere ez dago egoera onenean. Usoa ez da garai batean pasatzen zen bezala pasatzen, eta are eta gutxiago geratzen da lehen egiten zuen moduan; Erauskin auzoan gora, Arteta inguruan, usoa ondo bota zitekeela gogoratzen du Telleriak. Oilagorra ere ez da lehengo moduan izaten. Eraikinen ugaritzeak eta tentsio handiko kableek paseko espezieak uxatzen dituzte mendian. Hala ere, gaur egun ehiztarien espezie preziatuenak usoa eta oilagorra izaten jarraitzen dute, nahiz eta paseko egun on gutxi izaten den, beti ere, haizearen arabera.

Mendian azken urteetan ugaldu dena basurdea da, garai batean inguruotan eskasa zen espeziea; gaur egun dagoen kopururik ez zen lehen izaten. Murumendi ingurua, Matxinbenta aldean, da basurdetan aritzeko inguru onenetakoa, eta orkatza ere ikus daiteke leku horretan; hori ere ugaltzen hasi da, eta Beasainmendi inguruan ere hasi dira botatzen. Espezie batzuk besteak baino ugariak diren arren, espezien artean beharrezkoa den orekak zehaztuko du zein den ehizaren etorkizuna, arrantzarena arrainen kopuruak zehaztuko duen moduan. Horregatik Aitz-Zorrotzek orain arte egin duen babes, zaintza eta birpopulaketa lana aurrerantzean ere orain arte bezain beharrezkoa izaten jarraituko du, espezie horien alde eta euren ingurunearen alde izango baita

img_divider